Komikiaren hainbat jatorri

Ez da erraza komikiaren jatorriaz hitz egitea, izan ere, gaur egun bederatzigarren artea bezala ezagutzen dugun honek, erabiltzen den deskribapenaren arabera jatorri anitz edo zalantzazkoak baititu.
Ofizialki, komikiaren jatorria, 1446an inprentaren eta 1789an litografiaren asmakuntzarekin lotu ohi da. XVIII. mendean Ingalaterrako umorista batzuk euren gobernuko kideen karikatura satirikoak egiten hasi ziren, honetarako elkarrizketa bunbuiloak erabili zituzten, baino hauen erabilera aurrerago hedatu eta normalizatu zen. 1841eko ‘Punch’ aldizkari ingelesa, irakurle gazteei zuzendutako lehen aldizkaria izan zen, eta eredu berdina mundu osora zabaltzen joan zen.
Generoan adituak diren historialariak historiaren lehenengo komiki gisa, 1895ean Richard F. Outcault-ek New Yorkeko ‘The World’ aldizkarirako egindako ‘The Yellow Kid’ hartu izan dute, bertan horiz jantzitako haur bat agertzen da eta honek esan nahi dituen gauzak bere kamisetan idatzita daramatza. Beste iturri batzuk, ordea, diote lehenengo komikia Alemanian agertu zela XIX. mendean Wilhelm Busch-ek egindako ‘Max und Moritz’ (1865) lanean.
Frantzian, lehenengo komikiaren argitalpena 1889. urtean eman zen, ‘La famille Fenouillard’ izenekoa. 1890an Ingalaterran ‘Comic Cuts’ lehen aldizkari komikoak argia ikusi zuen. 1897an Rudolph Dirks-ek ‘The Katzenjammer Kids’ tira komiko gisa argitaratutako lehenengo komikia argitaratu zuen ‘New York Journal’-en gehigarrirako. 1907an, urteetan jarraipena izango duen lehenengo tira komikoa ikusiko dugu, ‘Mutt and Jeff’, honen argitalpena arrakasta handiz 1982 arte luzatu baitzen. 1920. urte inguruan tira komikoen bidez osatutako ‘The funnies’ aldizkaria atera zen. Lehenengo Mundu Gerraren ostean, haur eta gazteei zuzendutako aldizkari edo Comic Book formatua gailendu zen. XX. mendearen amaieran, komikiaren urrezko garaia izan zen, aldizkarietan egunero agertzen ziren tira komikoei esker eta superheroien boomari esker.
Espainian ere ez dakigu konkretuki zein izan zen lehenengo komikia. Espainian, lengoaia satirikoa sartu zuen lehenengo aldizkaria, ‘Caricatura’ izan zen 1892. urtean. Beste batzuen ustez, argitaratu zen lehenengo komikia, Víctor Patricio de Landaluce-k egindako ‘Historia de las desgracias de un hombre afortunado’ izan zen 1857. urtean. Garai horretan Espainiar koroaren kolonia zen Kubako ‘La Charanga’ aldizkarian argitaratu zen. XX. mendean haurrentzako hainbat aldizkari sortu ziren: ‘Monos’ (1904), ‘Patufet’ (1904) edo ‘Gente Menuda’ (1906) gehigarria.
Euskal Herrian, komikiaren jatorria 1894. urtean kokatu daiteke, urte honetan, Bitoriano Iraolaren ‘El Thun Thun semanario Koskero’ aldizkarirako egindako marrazkietan hain zuzen ere. 1918an ‘Teles eta Niko’ seriea agertuko da Euzko Deyan aurretik aipatutako Wilhelm Busch-ek egindako ‘Max und Moritz’ tiretan oinarriturik.
Komikiaren oinarrietara itzuliz, eta aipatu dugun bezala, iturri batzuren arabera komikiaren jatorria inprentaren asmakizunarekin bat datorren arren, beste hainbat iturri ere badira, jatorria haratago egon daitekeela uste dutenak. Komikiaren azalpenak dioen moduan, binetetan gauzatzen diren irudien segida da komikia, gainera ilustrazioak eta maiz testua ere izan dezake komikiak. Hortaz, komikiaren jatorria askoz ere lehenagokoa dela esan daiteke.
Kasu honetan, esan genezake komikiaren oinarria, lehenengo gizakiak bizi ziren kobazulo ilunetan dagoela, hauek, beraien eguneroko eszenak margotzen zituzten kobazuloko paretetan. Aurrerago Mesopotamiar zibilizazioa izan zen idazkera garatu zuen lehenengo zibilizazioa. Idazkera kuneiformea, hasiera batean, buztinezko oholetan modu piktografikoan egiten zuten, hauetan elementu sinpleak aurkezten zituzten, eta denbora pasa ahala, garatzen joan ziren, irudiak zerrenda bidez banatzen hasi zirelarik hauek tira bat osatuz.
Aintzinako Egiptoko zibilizazioaren parekotasunak komikiarekin, Mesopotamiar idazkera kuneiformearen garaikidea zen idazkera hieroglifikoan aurkitu ditzakegu, hau ikusitakoen artean aurrekari argiago bat bezala har daiteke. Egiptoarrek inguruan zituzten elementuak oinarritzat hartuz, idazkera hieroglifikoa orokorrean ikur figuratibo sinple bidez osatu zuten, edonork ezagutzeko errazak zirenak, gorputz zatiak, animaliak, egunerokotasunean erabiltzen zituzten materialak… Egiptoko nobleek, beraien historia kontatzeko grina zutela eta, tenplu edo hilobietan arte lan izugarriak eraikitzea ahalbidetu zuten. Hauetan, marrazkiak eta hieroglifikoak tartekatzen joan ziren. Askotan, koloretako friso bidez egituratuko dituzte margo hauek. Nakht-en hilobia edo Neferetiti-ren hilobia dira esanguratsuenetakoak.
Grezia eta Erroman ere komikiak gogoraraziko dizkiguten ereduak topatuko ditugu. Grezian ontzi grekoak izango ditugu, horien eredu, Dipilón-go anfora edo bere ondorengoa izan zen Hirschfeld-eko Margolariaren ontziak ditugu. Hauetan, friso horizontaletan jarritako elementu dekoratibo abstraktuak eta motibo tradizional errepikakorrak ikusi daitezke. Erroman, komikiekin antzekotasunak adibidez garaiko sarkofago batzuetako dekorazioan aurkituko ditugu, adibidez, IV. mendeko Junio Baso-ren sarkofagoan. Sarkofago honetan zutabez banatutako eszenak topatu daitezke, bineten antzera. Bertsio handiago batean K.a 9.urtean eraikitako Pax erromatar jainkosari eskainitako Ara Pacis Augustae monumentua dugu.
Erdi Aroan adibidez, Bizantziar mosaikoak eta Erromaniko garaiko elizetako margoak aipatu ditzakegu adibide gisa. Hauek funtzio didaktikoa zuten. Elizen barne zein kanpoko hormak komiki handi batean bilakatzen ziren, garaian irakurtzen ez zekitenek, euren salbazioaren bilaketan, elizaren mezua jaso eta uler zezaten. Honen eredutzat har ditzakegu Venezian dagoen Torcello-ko Santa Maria Asunta eliza apaintzen duten mosaikoak, Leridako Pallars Jussá komarkako Santa Maria del Mur monastegiko freskoak edo Aguilar de Campoo-ko Santa Eulalia elizan topatzen ditugun freskoak.
Komikiak, Erdi Arotik jasotako eraginaz hitz egiten dugunean, ezin dugu ahaztu XI. mendeko Bayeux-eko tapiza, honek irudien jarraipenen bidez eta latinez idatzitako inskripzioen bidez Ingalaterrako konkistan Normandoen garaipena azaltzen du, nahiz eta binetak ez izan, lan hau batzuentzat, historiako lehen komiki bezala kontsideratua izan da. Aipatzekoak dira gainera, miniaturak bineten bidez banatzen diren Santa Mariari Kantak edo X. mendean Beato de Tábara izenarekin ezaguna izan zen kodexa. Kodex honetan, bereiztekoa da, La torre del monasterio, miniatura. Bertan fatxada gabeko eraikin bat ikusten dugu, barruan, gela bakoitzean gertatzen dena ikusteko aukera ematen duelarik. Honek, urte asko beranduago Francisco Ibáñezek 13, Rue del Percebe egiterakoan, erabiliko zuen sistema gogorarazten du. Bukatzeko, XVIII. mendean, Aleluyas izeneko estanpa batzuk argitaratzen hasi ziren, hauek binetetan banatuta zeuden irudiez osatutako ipuin txikiak ziren eta irudiaren oinarrian testua zuten idatzita.
1967an Louvren, komikiaren inguruan egindako lehenengo erakusketa eman zen ‘Bande dessinée et Figuration narrative’. Orain dela gutxi, 2018. urtean, Liburutegi Nazionalak, ‘¡Beatos, Mecachis y Percebes! Miles de años de tebeos en la Biblioteca Nacional’, aurkeztu zuen. Ikusten dugunez erreflexiorako ematen duen gaia da honakoa. Eta zuek, non uste duzue dagoela komikiaren jatorria?