Komikigileak eta itxialdia II

Iñaki G. Holgado eta Marko Armspach euskal komikigileen artean oparoenetako batzuk dira. Biek ari dira lanean merkatu frantseserako batik bat, eta sarri elkarrekin ere lan egin izan dute. Iñaki Errenteriarra da eta Marko berriz Uztaritzekoa.
Iñaki 2021. urtean Frantzian ateratzekoa den komiki baten marrazkiak burutzen ari da etxetik. Marrazkien aurretik egiten den story boarda Markok egin du, eta komikiaren gidoia Pagnol, Scotto eta Stoffelek egina da. Edizioa berriz Bamboo/Grand Anglerena izango da.
Eguneroko lana itxialdiaren antzera egiten jarraitzen du Iñakik. Aurretik studio batean zuen bulegoan pasatzen zituen eguneko ordu gehienak, eta orain berriz etxean. Baina lan berdina egiten jarraitzen du. Kontua da, animikoki egoera larri honek stressa sentiarazten duenez, egoera psikologikoa lanerako ez dela oso atsegina... Itxialdiak, ordea, badauka bere alde positiboa ere, etxekoekin egoteko denbora gehiago eskaini baitigu.
Komikigintza, krisialdi honen aurretik ere prekario samarra zela jakinik, Iñakiren iritziz gero ere antzera biziraun beharko dutelakoan dago.
Marcel Pagnol idazlearen pelikula baten adaptazioa ari da marrazten Iñaki, eta lan horretako zirriborro batzuk erakutsiko dizkizuegu jarraian.
Marko zein Holgadok, biek ala biek, ordenagailuan bertan marrazten dute, bolígrafo numerikoa edo punteroaren bidez. Baina egia esan, ez dago alderik. Paperean edo pantailan, edozein modutan, eskua baita irudiari forma ematen diona, kasu honetan, Marko zein Holgadoren eskuak dira marrazkilariak. Markok dio, baduela gogoa berriz paper gainean jolasten hasteko, hainbat gauza galdu dituela sentitzen omen du, baina erosotasunak aurrea hartu diola dirudi.
Marko egunero dago egungo egoeraren inguruan lanean, marrazten, sare sozialak erabiltzen, oso aktiboki jarraitzen du. Denbora pasak, mandalak, eskainiz bere jarraitzaileei, gag edo txisteak sortuz… irakurleek eta gizarteak oro har denbora pasak eta irri egiteko arrazoiak behar dituzte eta egileentzako ere ongi dator sentimenduak adierazteko bidezidorrak izatea, sare sozialen bidez bada ere…