Komikitik sortzailera : Rumiko Takahashi

Rumiko Takahashi (1957-) manga egile japoniar bat da. ‘Mangaren erregina’ ezizena irabazi du haren karrera hasi zenetik, 1978an, publikatu dituen obrek izan duten ospe eta arrakastarengatik.
Txikitatik marrazten zuen arren ez zuen inoiz mangaka (manga egileei ematen zaien izena) bilakatzearekin amestu, eta unibertsitatean kimika ikasketak egitea erabaki zuen. Garai hartan eman zuen izena Gekiga Sonjuku manga eskolan, eta autoeditatutako lehen mangak (doujinshi-ak) publikatu zituen.
Takahashiren karrera profesionala 1978an hasi zen, zientzia fikziozko komedia bat den ‘Katte na Yatsura’ (Extralurtar berekoi horiek) lana argitaratu zuenean. Gerora etorriko ziren bere lan entzutetsuenak, manga aldizkarietan hainbat urtetan zehar argitaratu zituenak: 'Urusei Yatsura', 'Maison Ikkoku', 'Mermaid Saga', 'Ranma ½' eta 'InuYasha' esaterako.
Japoniarrak bere ibilbidean zehar hainbat sari eta aipamen lortu ditu: 1978an, manga baten milioi bat ale baino gehiago saldu zituen lehen emakume japoniarra izan zen, 2019an Angulemako Nazioarteko Jaialdiko Sari Nagusia lortu zuen. eta 2020an Japongo gobernuak ohorezko domina eman zion Takahashiri; komikiari egindako ekarpen baliotsuagatik.
Egun lanerako estudio bat du, lau laguntzailerekin, denak emakumeak, eta 2019tik 'Mao' izeneko manga seriea argitaratzen ari da Shōnen Sunday astekarian.
Liburutegian ‘Rin-ne’ seriea osatzen duten 40 aleak daude mailegagarri. Bertan Sakura Mamiya eta Rin-ne Rokudô gazteen abenturak kontatzen ditu japoniarrak; lehena txikitatik izpirituak ikusteko dohaina duen neska gaztea da, eta bigarrena shinigami-a (heriotzaren jainkoa). Bien artean itxi gabeko kontuak utzi dituzten hildakoen arima galduak bideratzen saiatuko dira. Bestalde, Rumikoren istorio laburrez osaturiko ‘El espejo’ izeneko antologia ere eskuragarri dago.
