KONTUARI KONTU Ipuinen unibertso majikoa KMKko Ganbaran
Gaurtik aurrera Ganbaran (3. solairuan) “Kontuari Kontu” literatura guneaz gozatzeko aukera izango dute haur eta helduek. Bertan tradiziozko ipuinek eskaintzen duten munduan oinarrituta, horien edertasuna sentitu, ikusi, entzun eta irakurri ahal izango dute haur eta helduek espazio berezi batean murgilduta.
Babarrun landare erraldoi batek erakutsiko dio ikusleari Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganabara aretorainoko bidea. Aretoaren erdian dagoen kobrezko espiral batek ipuinen zurrunbiloan sartu eta ametsezko mundu batean murgilaraziko du. Lau irakurketa gune daude bertan eta horietako bakoitzean ipuina sinbolizatzen duen objektu bat dago zintzilik. Erakusketarako espresuki moldatu eta ilustratutako lau tradiziozko euskal ipuin irakurri, entzun eta ikusi ahal izango dira: “Alaba eta Alabaordea”, “Errege Zorria”, “Hiru Olatuak” eta “Zazpi Lapurrak”.
Horrez gain, ipuinek irudikatzen dituzten mundu bereziak eta arketipoak ikusi ahal izango dira liburu-bilduma baten ilustrazioetan, eta ilustrazioaren alorretik jasotako proposamen berriak ere bilduko ditu erakusketak.