Komikigunetik antolatutako ekimenak 2019
Aurten ere euskarazko komikigintza markak hausten ari da . Komikipediaren arabera aurten iaz baino 10 komiki gehiago argitaratu dira, 30etik gora zenbatu daitezke jada, 2019an eta euskaraz argitaratutako bertako komikigile zein kanpoko komikigileen itzulpenak.
Komikigunetik, hainbat aldaketa tarteko izan diren arren, komikigintzaren mundua lantzen, kontatzen eta sustatzen aritu gara aurten ere. 2019an zehar ekimen batzuk Komikigunean bertan eta beste batzuk Gipuzkoan zehar antolatu ditugu. Usurbil eta Arrasateraino iritsi da aurten gure oihartzuna.
Komikia, komikigileak eta oro har komikilariak sustatze aldera egin ditugu aurten Dzirt-dzart saioak, komiki aurkezpenak, komikigileentzako formakuntza saioak eta bisita gidatuak Gipuzkoako Aldundiaren komiki funtsa erakutsiz.
Udaberrian hasi ginen komiki aurkezpenekin Tupust liburu kolektiboaren aurkezpen eta erakusketa txikiarekin. Komiki aurkezpen gehienak berriz udazkenean izan ohi dira eta aurten Komikigunearen trasladoa tarteko, beste hainbat liburu denda, liburutegi zein aretotan burutu dira gehienak, adibidez, Harriet argitaletxeko aurkezpen orokorra Koldo Mitxelena liburutegiko Komikitekan.
Komikigileen formakuntzari dagokionez, lehenik, eta Farmazia Beltza argitaletxearen elkarlanari esker, Zerocalcare komikigile italiarra izan genuen Komikigunean, bere azken komikiaren euskarazko edizioa aurkeztu eta bertako komikigileekin bildu zen master classa emateko. Udazkenean berriz, komiki orriaren konposaketari buruzko formakuntza saioa antolatu genuen hiru komikigile handi gonbidatuz: Dani Fano, Albert Monteys eta David Rubín. 26 komikigile elkartu ziren Koldo Mitxelenako Ganbaran.
Dzirt-dzart saioei dagokienez berriz, zuzenenan marrazteko Komikiguneko arbelak erabilita, aurten 4 saio burutu dira Gipuzkoan zehar. Bi Donostiako auzoetan, bata Intxaurrondon Donostia Kulturari esker, eta bestea Cristinaenea parkean bertako fundazioak sustatuta eta klima aldaketaren inguruko erakusketa batekin uztartuta. Udazkenean Usurbilen izan ginen bertako Harria Hitz bisita gidatuarekin batera dzirt-dzart saioa antolatzen. Eta Arrasaten berriz bertako Bibliotekaren laguntzarekin.
Komikiaren sustapen eta hedapen saio izan diren ekimen hauetan parte hartu dutenei eskerrak luzatu nahi dizkiegu: Ainara Azpiazu ‘Axpi’, Alazne Zubizarreta, Albert Monteys, Antton Olariaga, Dani Fano, David Rubín, Garbiñe Ubeda, Harkaitz Cano, Idoia Torregarai, Iñaki Holgado, Iñaki Martiarena ‘Mattin’, Iraitz Agirre, Joseba Larratxe, Julen Ribas, Leire Cano, Zerocalcare.