'La palabra que empieza por A' komikia
La palabra que empieza por A
Elizabeth Casillas, Higinia Garay
Astiberri, 2022
Askotan nabarmendu izan dugu komikien teknika eta itxura gaiari buruzko iruzkinaren amaiera aldera, baina, kasu honetan aurreratu eta komikiaren kolore arrosa fluoreszentean jarri behar dugu arreta une batez, eta kolorearen erabilera hau ardatz hartuta barneratuko gara komikiaren gaia eta izaera aztertzera.
Komikiaren orri gehienak beltza eta arrosa fluoreszentea erabiliz marraztuak izan dira. Arrosa kolore honek indar handia du komiki guztian zehar. Sarri fluoreszente hori erabiltzen baita zuri-beltzetik nabarmentzeko eta bestetan berriz, arrosa honen degradazioak berak barneratzen gaitu istorioan eta xehetasun txikietan.
Gainera tarteka informazio osagarria ere erantsi dute askotariko koloreak erabiliz, bi orriko parentesi koloretsuak sortuz, historiaren haria galdu gabe, baina gai nagusia den abortuaren inguruko jakinduria zabalduz eta ezagutaraziz.
A hizkiarekin hasten den hitza, komiki honen oinarri ezinbestekoa dena, abortua da. Ikuspegi feminista eta sozial batetik aztertu dute abortua Elizabeth eta Higiniak. Abortuaren inguruko saiakera sakona, zabala eta adeitsua egin dute komikiaren narratiba erabiliz. Bertan abortuaren inguruan dauden tabu zaharrak apurtu eta egoera naturalizatzeko saiakera egin dute. Zorrotzak izan dira, egitatean oinarritu dira, Elizabeth Casillasen kazetari sena nabarmena da komikian zehar baina aldi berez ironia eta umore ukituak ere bikain txertatu dituzte komikian.
Aipatu dugun bezala, Elizabet Casillas kazetaria eta Higinia Garay artistaren elkarlana da honakoa. Ez da elkarrekin lan egin duten lehen aldia izan, Astiberrik argitaratuta ezagutu baikenuen “Emakume guztiok” aurretiaz landutako komikia. Bakoitza bere esparruetan lanean dabilen arren, biek ala biek dabiltza feminismoaren ingurumarian.