Langlands & Bell
1997/1/17 - 1997/3/8
Komisarioa:
Artistak: Ben Langlands, Nikki Bell
Testuak:
Muntaia:
Prentsa oharra:
LANGLANDS & BELL
Ben Langlands (1955) eta Nikki Bell (1959) Londresen jaio ziren eta gaur egun hiri horretan bertan bizi eta lan egiten dute. 1978an, artean Londreseko Middlesex Eskola Politeknikoan ikasleak zirenean, lehenengo lana aurkeztu zuten elkarrekin, The Kitchen. Elkarren segidan dauden eta antzekoak diren bi sukaldeekin osaturiko instalazioa da; espazioa berdin berdina da, tresnak berberak dira eta modu berean jarrita daude: alde bakarra da lehenengo sukaldea zaharra dela, historia bat dauka, bigarrena berriz, leiho baten bidez ikustea baino ez dagoena, sukalde berri bat da, garbi garbia, inpertsonala. Lan honetan, Langlands & Bellek identitatearen kontzeptua aztertzen dute denborarekin erlazioan. Obra honek lankidetza emankor bati hasiera emango dio eta arkitekturaren problematikari buruzko lanaren abiapuntua izango da, arkitekturaren esanahia, itxura, funtzioa, etab...
1996ko ekainean Basileako Azokan parte hartu zutenean adierazi zutenez, beren lana “norberaren, gizartearen eta komunikazioaren antolaketaren dinamikari buruzko hausnarketa da arkitekturan, altzarietan eta bi dimentsioetako ikusizko komunikazio sistemetan duen agerpenaren bitartez. Arreta handia jartzen dugu gizarte maila guztietan, norbanakoenetik kolektiborainokora, lekua edo posizioa intentzio baten adierazpide gisa lantzeko moduan.”
Langlands & Bellen obra hiru alderdi nagusien inguruan gauzatzen da: lehenengo, gizonaren eta eraikinaren arteko erlazioa, altzariak alegia, eta zehazki gorputza zuzenean ukitzen duten altzariak (aulkia eta mahaia); bigarren, altzariaren eta espazioaren, eraikinaren barruko egituraren, arteko erlazioa; eta azkenik, arkitekturaren eta sistema sozio-politikoaren arteko erlazioa. Beraien ustez arkitektura benetako arte publikoa balitz, guztien esku dagoen kultur hizkuntza, altzariak barruko egitura irudikatzeko kultur kode bihurtuko lirateke, altzariak izaten baitira, normalean, barruko espazioen funtzionamendua adierazten dutenak. “Gauza soziopolitikoa eta arkitektonikoa eraikin batetan elkartzen direnean interesgarriagoa izaten da. Guretzat inportanteena da bere funtzioa nola adierazten den, zein era itsaskorrean adierazten zaion egituraren diseinuari eraikinaren azken helburuaz.
Langlands & Bellek eraikin publiko garrantzitsuen zatiak, atalak edo planoak erakusten dituzten maketak egin eta margotzen dituzte, eraikin horien barneko sistemak, ardatzak, espazioak, esanahiak eta memoria aztertu nahian. Maketa horiek erliebean edo baxuerliebean egindako konposaketa geometriko neutrotzat proposatzen dira, beharrezkoak ez diren xehetasunak alde batera utziz. Normalean txuriz edo beltzez margotuta egoten dira, eta horrek berez eskulturarena den espazio izaera ematen die, azgiztapen zorrotzaren bidez areagotzen dena; kasu batzuetan kolorea erabili izan dute maketen alderdi grafikoa azpimarratzeko (adib. Logoworks). Zirkulu, elipse, gurutze edo erradio formako maketa hauek horizontalean, altzarien artean, edo bertikalean, pinturak bailiran aurkezturik ere gizartearen ikur eta logotipo bilakatzen dira.
Langlands & Bellen lanaren ezaugarri nagusienetako bat garai ezberdinetako eraikinak elkartzea da iragankortasunaren ideia sartu asmoz, kontzeptu hori elkarrekin egin duten bidearen hasiera-hasieratik agertzen da. “ Atzoko eta gaurko eraikinen erreferentzia egitea arkitektura ikurtzat hartzearen adierazgarri da, era berean adierazlea den espazio garaikide baten ezkutuko nostalgian datza".
Langlands & Bellek aukeratutako eraikin gehienek balio estrategikoa eta sinbolikoa dute, eta beraiek diotenez, estatuaren funtzioak irudikatu eta laburtzen dituzte: funtzio ideologikoa eta kulturala (Palladioren Villa Rotonda, Frankfurteko Arte Modernoko Museoa, elizak, mezkitak, etab.), funtzio ekonomikoa (Logoworks) eta funtzio errepresiboa (gartzelak).
Artista britaniarren obrarik berrienaren ardatza arkitektura erlijiosoa da, kultura ezberdinetako eraikin “sinboloak” irudikatuz eta diptiko eta triptikoen bidez elkartuz; sinismen eta ohituretan interesaturik daude identitate eta historia baten datuak baitira; eraikin erlijiosoa barne hartzen duen eta kanpoan uzten duen lekutzat, betierekotasunerako baliagarria den espazio bat inguratu eta mugatzen duen lekutzat jotzen dute.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04