Lehen erakusketak Komikigunean
Guneak badu erakuslehioa. Leihotik baina, ezin da sartu. Guneak badu atea. Atea zeharkatzea, baina, beti da ekimen arriskutsua. Atea zeharkatzeak, baina, beti du saria. Hala erakusten dugu, ez lehioan ez atean, Komigunean baizik.
Zabaldu zenetik Komikigunearen sarreran bertako funtsak egon izan dira ikusgai. Aurten, lehen aldiz, beste erakusketa batzuk ikusi ahal izan ditugu. Erakusketa hauek komikiarekin lotura zuzena izan dute.
Xabiroik 11 urte. Euskaraz soilik argitaratzen den komiki aldizkari bakarra den Xabiroik 11 urte bete dituela eta, aldizkariaren azal guztiekin eta zenbait marrazki originalekin osatu genuen erakusketa. Gainera marrazkilariek erabiltzen duten materiala eta zirriborroak ere izan ziren ikusgai. Dani Fano aldizkariaren koordinatzaile eta komikigileak bisita gidatu bat ere burutu zuen. Erakusketa Luterl taldeak eta Xabiroik sortu zuten.
Euskal binetak. Euskal komikiaren historia biltzen duten panelek osatzen dute erakusketa hau. Eta panelen azalpena borobiltzeko, Komikigunean bertan gordeta dauzkagun lehen euskal komikiak ikusi ahal izan ziren. Erakusketa hau Mikel Begoñak egindakoa da eta berak egin zuen erakusketaren bisita gidatua ere.
Nina Bunjevac. Artista kanadar honen Fatherland komikiaren panelek osatu zuten aurten burututako azken erakusketa. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia 2016 erakundeek bultzatutako izan da eta Komikilabea proiektuaren barruan kokatu da. Erakusketaren aurkezpenean eta visita gidatuan egilea izan genuen bertan.
Dena den, erakuslehioaren deiak atea zeharkatzeko adorea ez badizue ematen, lasai. Guk beti saiatuko gara barrukoa kalera ateratzen. Hori dugu ahalegin 2017rako.