Leonora Carrington komikian
Leonora Carrington artista eta idazlearen gaixotasun mentalek eragin handia izan zuten bere bizitzan eta bere lanetan. Ikuspegi hau bikain islatu du Talbot senar-emaztearen komiki honek
Leonora Carrington komikian
Leonora Carrington aurkeztu nahi dizuegu guar, bere artista sena eta bere osasun mentalarekin izan zituen arazoak batzen dituen emakumea, hauek izan zituen bere bizitzaren ardatz. Hilabete honetan, urriaren 10ean Osasun Mentalaren Eguna izan genuen, eta urriaren 14an berriz Emakume Idazlearen Eguna. Egun horretan, emakume hau gogoratu genuen, Mary M. Talbot idazleak eta haren senarrak, Bryan Talbotek, egindako komiki honen bidez.
Leonora Carrington artista surrealista eta idazle ingelesa izan zen. Izaera handiko emakumea eta artista osoa, “Armada de locura” komikian azaltzen den bezala. Bere bizitzan une gogorrak pasa zituen, hala nola Frantziako okupazio naziaren ondorioz sortutako egoerak, Espainiara erbesteratzea eta errekete batzuen eskutik talde bortxaketa bat sufritzea. Horrek bere osasun mentalean eragin handia izan zuen eta, Santanderreko eroetxe batean sarrarazi zuten bere borondatearen aurka, elektroshock-a eta bestelako garaiko terapiak jasoz. Mexikora ihes egitea lortu zuen ondoren eta bertan egonkortasuna aurkitu zuela esan daiteke. Bere obra zabala da eta margoa, eskultura eta narratiba batzen ditu. Baina horretaz gain emakumearen eskubideengatik borrokatu zuen, emakumezko artista eta idazleez inguratu zen eta Mexiko Hiriko mugimendu feministaren sorreran egon zen.
“Armada de locura” komikiak, protagonistaren istorioa, surrealismoa eta marrazkia maisutasunez fusionatzen ditu eta orriz orri Carringtonen gainbehera prozesua erakusten digu, marrazkiaren espresioaz eta koloreen tonalitateez baliatuz. Komikia Mary M. eta Bryan Talbot-ek osatzen duten bikoteak sinatzen du. Urteak daramatzate komikiak batera argitaratzen, Mary M.-ek gidoia eta Bryan-ek marrazkia eginez. Bikoteak egindako beste komiki hauek ere ezagunak dira: “Sufragista”, “La virgen roja”, “La niña de sus ojos” edota “Lluvia”.
Leonora Carringtoni buruzko beste komikia, “Leonora Carrington en España” dugu, María Luisa Fruns-ena. Izenburuak dioen bezala, artistak Espainian bizitako pasartean murgiltzen gaitu eta kasu honetan ere, marrazkiak harreman handia du protagonistaren korronte artistikoarekin. Fruns-ek Carrington-en pasarte ilunenak ekartzen dizkigu eta berriz ere esperientzia traumatikoek osasun mentalean duten eragina mahai gainean jartzen du.
"Erokeriaz armatuta nago bidaia luze baterako"
Leonora Carrington