‘Libro de las bestias’, Pep Brocalen marrazki eta adaptazioarekin
Informazioa kontsulta ezazu

‘Libro de las bestias’, Pep Brocalen marrazki eta adaptazioarekin
Pep Brocal marrazkilariak XIII. mendeko liburu baten atalaren adaptazio librea burutu du komiki honetan (Bang, 2023). Berez, liburua Maravillas izenekoa da eta Ramon Llull idazle, teologo, filosofo zein jakitunak idatzi zuen Parisen. Liburu honek hainbat atal dauzka bizitzaren marabilak kontatuz, hala nola, jainkoa, gizakia, metalak edo animaliak. Honako hau animalien zatiari dagokion liburukia da. Bertan ez dira animaliak zoologia jarraituz deskribatzen, baizik eta gizakiak balira bezala. Horretarako Ramon Llullek XIII. mendeko gorteen eratzea irudikatuko du animalien bidez, baina pertsonen izaera eta humanitatearen arauak jarraituz.
Liburu hura oinarri izanik, gaia eta pertsonaiak errespetatuz, lokalizazio finkorik eman gabe eta gaur egungo zertzeladak gehituz, XIII. mendeko une historiko bat izan zitekeena XX. mendeko satira bihurturik ekarri digu Pep Brocalek komiki honetara. Bi protagonista nagusi dauzka liburuak, bata gortean animali gehienek bultzatuta errege izendatuko duten lehoia da, eta bestea berriz, azeria, bere abilezia eta inteligentziaz baliaturik erregeak berak baino botere gehiago lortzeko duen gaitasuna erakutsiko diguna.
Tartean badira beste hainbat pertsonaia ere, elefante indartsua edo suge feminizatua esaterako. Baita gortearen istorioa kontatzeko eta bestelako zertzeladak narrazioan txertatzeko erabilitako kolore jolasa ere. Gama kromatikoa zein erpinak beharrean forma borobildua duten binetak erabiltzeko joerak bereizten ditu istorio nagusia eta bigarren mailakoak, sarri adibideak edo irakaspenak direnak. Orokorrean gama tristea edo erabiltzen da nagusiki, okretik berderaino doana. Eta bigarren mailako istoriotxoetan berriz urdina bineta forma borobilduagoekin.
Pep Brocal, artista katalana da, txikitatik komiki zaletu zein marrazkilaria, hastapenetan Toutain aldizkarian aritu zen, ondoren aldizkari eta fanzinegintzan, gero haurrentzako ilustrazio eta komikiak egiten, eta azken urteetan berriz hasia da helduentzako komikiak burutzen. Tartean egin ditu Inframundo edo Cosmonauta.