Liburuaren egun ezberdin bat

Dirudienez Miguel de Cervantes, William Shakespeare, Inca Garcilaso de la Vega, Josep Pla edo William Wordsworth bezalako idazle ospetsuak urteko egun berean hil ziren, apirilaren 23an hain zuzen. Heriotza egunen bat etortze hori da 1995ean, Editoreen Nazioarteko Batasunak proposatuta, UNESCOk Liburuaren eta Egile Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko data hori eta ez beste bat aukeratzearen arrazoi nagusia.
Orduz geroztik, munduko hainbat herrialdek ospatzen dute Egun hau irakurzaletasuna, argitalpen-industria eta egile-eskubideen bidez bermatzen den jabetza intelektualaren babesa sustatzeko. Horretarako, urtero, UNESCOk eta liburuaren munduko nazioarteko hiru erakunde profesionalek (aipatutako Editoreen Nazioarteko Batasunak, Liburudenden Nazioarteko Federazioak eta Liburutegien Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioak), urte osoan zehar Liburuaren Munduko Hiriburua izango dena aukeratzen dute. Madril, Alejandria, New Delhi eta Anberes izan dira, besteak beste, titulu hori lortu zuten lehen hiriak. Aurten, Kuala Lumpurren txanda izaten ari da eta, UNESCOk dagoeneko argitara eman duenaren arabera, hurrengo urtean Malasiako hiriburuak Georgiako Tbilisiri pasako dio testigantza.
Ekimen orokor horrez gain, munduko txoko bakoitzean liburu-unibertsoarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak antolatzen dira urtero, hala nola liburu-azokak, irakurketa publikoak, liburuen aurkezpenak eta sinadurak, kultur erakundeetan jardunaldi irekiak, kontzertuak, tailerrak, errezitaldiak... gure kaleak iskanbilaz eta parrandaz betetzen dituztenak, eta gure buru gosetuak elikagai espiritualez asebetetzen dituztenak.
Aurten, gure eguneroko bizitza hankaz gora jarri duen ditxosozko COVID-19 honek kulturaren jai handi hau comme il faut ospatzea ere eragotziko digu. Hala ere, argitaletxe, liburudenda eta liburuzainok fin-fin ari gara, etxetik ez bada ere, irakurleontzako jarduerak antolatzen. Horrela, eta festa eguna handitasunez ospatzeko aukeraren zain gauden bitartean, adin guztietako irakurleok oroitu eta laudatu dezagun, orain lehen baino gehiago agian, zeinen boteretsua den irakurraldi gogoangarri bat, gogorik bai? Gora biblioterapia!