Liburuen udaberria
Koloreen, loratzen ari diren istorioen eta irakurketa berrien garaia. Liburuetan murgilduz esnatu, deskubritu eta irudikatzeko denbora.
Liburuen udaberria
Errege-erregina Katolikoen kaleko 16. zenbakian dagoen Koldo Mitxelena Kulturuneko mailegu-zerbitzuaren erakusleihora udaberria iritsi da. Urtaro honen ikur diren loreek, kolorez bete dute istorio, pertsonaia eta irakurketa berriak deskubritzera gonbidatzen zaituztegun leiho txiki hau.
Neguko lozorroaren ondoren esnatzen eta loratzen den natura bezala, liburuek ere haziak ereiten dituzte, eta, irekitzean, kontakizunak, ideiak eta emozioak hedatzen dituzte, bertan murgiltzen denarengan haziz. Irakurtzea gelditzea eta, aldi berean, aurrera egitea da. Irakurtzeak ahots berriak aurkitzea eta beste bizitza, garai eta mundua ulertzeko modu batzuekin konektatzea ahalbidetzen digu. Eta irakurtzea komunitatea eraikitzea ere bada. Izan ere, irakurritako eta partekatutako istorio bakoitzean, "zerbaitek" (emozio batek, esperientzia batek, hitz batek...) bestearekin konekta gaitzake.
KMKn, liburuak ekosistema bizi baten parte dira. Zirkulatu, konektatu eta elkarguneak sortzen dituzte. Liburu bakoitza ate bat da, eta orrialde bakoitza atalase bat: hori zeharkatzeak bidaia onartzea, bide bati ekitea eta eraldatzen uztea dakar. Abentura hau elkarrekin gozatzea espero dugu.
HAIZE LARANJA (Castillo Suarez, 2000)
Udaberriak abandonatu duen
haize laranja dabil.
Zakar guztiak barreiatu ditu
zarata monotono batez;
karrikak jende gutxirekin gelditu dira,
leihoak gainezka.
Nor sartu ote zaigu gurean?
Nork utzi digu berritasun hori guztia
apaletan pilaturik?
Nik gutun mingarriak idazten
ikusi nuen,
garaipena agerian uzten duten horiek,
hari ez baitio haize laranjak beldurrik ematen.
Gutunak idazteari ekingo diot nik ere
badakidalako erantzunik jasoko ez dudala;
ezezaguna» boligrafo gorriz idatzirik
bueltatuko dizkidate
erbeste eskari sekretuak.
Nondik ote dator
haize laranja itogarri hori?