Liburutegiak udarako ere badira
Museoak, elizak, kaletxoak, jauregiak, gazteluak... hauek dira gida turistikoen ohiko gomendioak. Hala ere, gaur gure derrigorrezko bisitetako bat partekatu nahi dugu zuekin… liburutegiak. Ba al da hau ere zuen zaletasun bat?
Liburutegiak udarako ere badira
Urtez urte, oporretatik itzultzean, KMK Liburutegiko lankideok gure ihesaldien gorabeherak komentatzen ditugu: une dibertigarriak, gure aurkikuntzak, gozamen gastronomikoak... eta bisitatu ahal izan ditugun liburutegiak! Batzuetan bilatzen ditugu (ezin ukatu), baina ez beti. Batzuetan, ez dakigu nola, gure bidean gurutzatzen dira. Edonola ere, liburutegiak gure ibilbide turistikoen parte dira. Eta nola gozatzen ditugun!
Baina, interesgarriak al dira bisita hauek? Bai, zalantzarik gabe eta arrazoi askorengatik. Hasteko, ez dira gutxi interesgarriak diren liburutegiak kokatuta dauden eraikinagatik, askotan eraiki ziren estiloaren eta garaiaren isla. Liburutegi horietako bakoitzak bere historia kontatzen du eta dagoen herriari, hiriari edo lurraldeari zer funtzio eta ekarpen egiten dion hobeto ulertzen laguntzen digu.
Liburutegi horietako askok gordetzen dituzten bildumek ere gure jakin-mina pizten dute. Funts zaharrak edo arraroak, munduan bakarrak kasu batzuetan; idazleen, bidaiarien, erregeen edota erlijiosoen artxibo pertsonalak... Azken finean, ikerlarientzat zein pertsona kuriosoentzat liluragarriak diren dokumentuak. Sinestezina da dokumentu horietako askok mendeak daramatzatela gure artean gerra, arpilatze edo suteetatik salbu, ezta?
Eta zer esan espazio horiek erabiltzaileei eskaintzen dizkieten zerbitzuez? Beste liburutegi batzuek badute ere hemeroteka bat KMKn bezala? Eta fonoteka bat? Zer gehiago egin dezakegu bertan? Agian, gure Liburutegira ekar genezakeen jarduera inspiratzaileren bat aurkitu dezakegu... Zenbait liburutegietan edonork jo dezakeen piano bat ikus dezakegu; beste batzuetan liburuak ez ezik, kanpatzeko materiala, gailuak edo sukaldeko artikuluak ere mailegatzen dituzte (gauzen liburutegiak); beste kasuetan tokiko taldeei maketak grabatzeko aukera ematen diete liburutegiek; badira ere 3D inprimagailuak eskaintzen dituztenak...
Bisitatzen ari garen liburutegiren batean esertzen gara eta, besterik gabe, begira geratzen gara. Horrek erakusten digu nork eta zertarako erabiltzen duen espazioa. Haurren eta helduen atalen artean banatzen diren familiak ikusten ditugu, baita apalen artean dabiltzan pertsonak zer irakurri erabaki nahian. Bestalde, badira ere beroarengandik babesteko liburutegira sartu diren zenbait bizilagun (izan ere, liburutegiak aterpe klimatikotzat hartzen dira) edo indiako sukaldaritza-tailer batera etorri diren beste batzuk. Istorio eta bizipen ugari, une batez liburutegian topo egin dutenak.
Mota guztietako liburutegiak daude, mota guztietako erabiltzaileentzat. Txikiak, handiak, zaharrak, modernoak, ikasteko lekuak, aterpe direnak edo aisialdiarako ekintzak eskaintzen dituztenak (edo guztia batera)... Nolanahi ere, liburutegiak erreferentziazko puntua dira euren komunitatearentzat. Zein da “zuen” liburutegia? Zein liburutegik liluratu zaituzte? Zein da deskubritu duzuen azkena? KMK Liburutegitik gure bidaietako ohitura honekin bat egitera animatzen zaituztegu eta uda honetan aurkitu dituzuen liburutegiak edo zuen herri eta hirietan gozatzen jarraitu duzuen horiek zein diren partekatzera eta kontatzera. Horrela egingo dugu guk ere gure Instagram eta X kontuetan #KMKLiburutegia eta #LiburutegiBidaiariak traolak erabiliz.