Liburutegien Eguna 2025. Jardunaldiaren oroitzapenak eta gogoetak
Joan den ostiralean Liburutegien Eguna lankideen artean ospatzeko aukera izan genuen. 60 pertsona baino gehiago eta gai bat: interakzio soziala osasun-iturri.
Liburutegien Eguna 2025. Jardunaldiaren oroitzapenak eta gogoetak
Jardunaldia Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziaren hitzekin hasi zen. Donostiako Haur Liburutegi Nagusian izandako lehen bizipenei buruz hitz egin zigun, Concha Chaosen errietak maitasunez gogoratu eta liburutegiko bere lehen txartela ere erakutsi zigun. Era berean, liburutegien balioa eta egungo gizartean bizikidetzari egiten dioten ekarpena aitortu zituen.
Ustekabeko irekiera horren ondoren, gonbidatutako hiru adituen hitzaldiak entzuteko momentua zen. Gogoa genuen Oscarren gogoetak entzuteko, baita Estelak Madrilen eta Esperançak Bartzelonan izandako esperientziak ezagutzeko ere. Hitz egiteko zituzten 30 minutuak motz geratu zitzaizkien denoi. Baita guri ere. Asko (eta oso interesgarria) zuten kontatzeko. Gehiago jakin nahi izatea ez dago gaizki, ezta? Seinale ona.
Oscar Reboyo, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) soziologia irakasle eta IGOP-UABeko ikertzailearen eskutik, gu, liburutegiak, giza-lotura fabrikak garela edo izan gaitezkeela deskubritu genuen. Zementu soziala desagertzen ari den gizarte honetan, funtsezkoa da horrelako espazioak izatea, bertan pertsonen arteko harreman horiek gerta eta indar daitezen eta arazo sozialei aurre egiteko erantzun kolektibo bihur daitezen ere. Hala ere, azpiegitura bat edukitzea ez da nahikoa. Horretaz gain ezinbestekoa da bost "P"tan oinarritutako intentzionalitate bat izatea:
- Publikoa, hau da, guztiontzat. "Denak" horretan, nor falta da? Goazen bere bila!
- Balioaniztuna
- Proaktibotasuna
- Hurbiltasuna. Izan ere, ez da gauza bera gertu egotea eta harremanetan egotea.
- Partaidetua. Pertsonek propio sentituko duten espazioa.
Azpiegitura sozialak izan baditugu, baina kapital sozialeko fabrika gisa funtzionatzen al dute? Nahiko “5P” gara? Kasu askotan, erantzuna baiezkoa da. Horixe egiaztatu genuen Esperança Paños Bartzelonako Diputazioko Liburutegi Zerbitzuko arduradunaren eta Estela Gonzalo "Eugenio Trías" Udal Liburutegi Publikoko zuzendariaren hitzaldietan. Esperançak Bartzelonako Diputazioko Udal Liburutegien Sareak bakardadearen inguruan antolatutako esperientziei buruz hitz egin zigun. Eta ez bakarrik adinekoei buruz, baita gazte edo ospitaleratutako pertsonei buruz, besteak veste. Ozen irakurtzeko proiektu inspiratzaileak ezagutu genituen, baita nerabeen sentimenduak ulertzera bideratutako hitzaldiak ere, irakurketa-errezetak, inor gutxi iristen den lekura iristen diren bibliobusak... Hainbat eta hainbat ekimen, kultura pertsonen ongizatea hobetzeko tresna gisa balioesten dituzten ekimenak alegia.
Estelak, bere aldetik, Retiroko parkearen erdian dagoen bere arrainontziaren ateak ireki zizkigun. Estimulatzea, probokatzea eta motibatzea heburua duen espazioa. Eta bertara erakarri nahi dituzte oraindik han ez dauden pertsonak, Oscarrek zioen bezala oraindik bertan falta direnak. Bada ere berdinen arteko elkargune izan nahi duen espazioa. Eta hortxe, konplize eta aliatu askoren laguntzarekin, hamaika gauza gertatzen dira: dantzak, kontzertuak, idazleekin topaketak... Eugenio Trías Liburutegia kokatuta dagoen mikrokosmosari erantzuna ematen saiatzen diren jarduerak dira guztiak.
Lanaldi-hasiera benetan bizia, atsedena eta kafea merezi dituena. Une egokia lankideak agurtzeko, orain arte entzundakoari buruz ideiak eta sentsazioak komentatzeko... edo agian Madrilera edo Bartzelonara bidai bat planifikatzeko unea ere, proiektu eta liburutegi horiek gertutik ezagutzeko, ezta?
Goizeko bigarren zatia hasteko unea da. Eta orain bai, etxera hurbilduko gara Medialab Tabakalerak, Donostiako Kultu Liburutegi Sareak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak, abian jarritako proiektua ezagutzera: Gipuzkoako liburutegiek egoera ahulean dauden pertsonei eta kolektiboei erantzuteko egindako jardunbide egokien gida. Guztion artean eraikitako proiektua da, eta bere webgunetik kontsulta eta aberastu daiteke: Interakzio soziala liburutegietan. Aurkezpen honen ondoren, hizlari guztiei zuzendutako galdera eta komentarioen txanda ireki da, goizean zehar azaldutako ideia eta proiektuetan sakontzeko aukera eskaini digun mahai-inguru batean.
Jardunaldiaren amaiera iritsi da eta, ohi den bezala, agurra eta toparekin egiten dugu topaketa honen itxiera. Azken uneak gure lankideekin hitz egiteko, esperientziak partekatzeko, agian etorkizuneko proiektuak komentatzen jarraitzeko edo, zergatik ez, bizitzari buruz hitz egiteko... Ilusio berrituarekin goaz, ideia berriekin, egin beharreko gogoetekin eta besarkada partekatu batekin baino gehiagorekin. Lanean jarraitzeko gogoz goaz, gauzak gertatzeko espazioak sortzeko gogoz, guztion artean eta guztiontzat eraikitako espazioak sortzeko gogoz.