Literatura leihoa
Udazkenarekin batera Koldo Mitxelena Kulturuneak literaturari leihoa irekiko dio urrian zehar eskainiko diren lau emanaldirekin. “Hitza, musika, literatura” zikloak poesia eta ipuina tartekatzen ditu, euskaraz, gaztelaniaz eta galegoz, eta kasu batzuetan musika eta irudiz lagunduta.
Jon Benito zarauztarrak emango dio hasiera zikloari urrian 4an, 19:30etan, Bulkada (Susa, 2010) bere bigarren liburuko poemak eta beste olerki berriago batzuk tartekatuz. Ez da oso erraza izaten Jon Benito bere poemak irakurtzen zuzenean ikustea. Beraz, XXI. Mendeko Euskal poesiaren ahots garrantzitsu bat entzuteko aukera paregabea izango da. Ostegun honetan publikoak bere olerkiak biluzik, gehigarririk gabe, hitzak duen indar guztiarekin, entzuteko aukera izango du. Atzetik aurrera joango da, orainetik iraganera.
Urriaren 9an Amaia Lasak hartuko dio testigua. Bere poemak berritzaileak izan ziren 60. hamarkadan eta oraindik gaurkotasuna mantentzen dute. Orain azken boladan idatzitako testuekin datorkigu, eta beste bi emakumeren laguntzarekin: Josune Muñoz eta Jose Romero.
Poesiak narratibari utziko dio lekua urrian 23ko emanaldian. Lehenengo biak ez bezala, gaztelania hutsean izango da hau. Arantxa Kalzada kazetariak, Joserra Senperena piano jolearen laguntzarekin, ahotsa jarriko die duela gutxi Lengua de Trapo sari ospetsua jaso zuen Jon Obeso idazle donostiarraren testuei.
Zikloa euskaraz eta galegoz egingo den Zazpi poeta/Alen da fronteira emanaldiarekin itxiko da urriaren 23an. Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) antolatutako ikuskizun hau Zazpi poeta/Alen da fronteira liburuan dago oinarrituta eta Luigi Anselmi, Bernardo Atxaga, Jon Gerediaga, Tere Irastortza, Xabier Lete, Xabier Montoia eta Joseba Sarrionandiaren olerkiak jasotzen ditu. Luis Rei eta Xosé Estevez idazle galiziarrek eta Jose Angel Irigaray euskaldunaren eskutik izango da irakurketa, eta Ruper Ordorika eta Arkaitz Miner biolin jolearen laguntza izango dute.
Urriak 4: Jon Benito. Bulkada: nahizenetik naizenera
Urriak 9: Amaia Lasa, Jose Romero eta Josune Muñoz. Itsasoko izaki
Urriak 23: Arantxa Kalzada eta Joserra Senperena (pianoa). Testuak: Jon Obeso. Fábulas, opiniones e inventos de Bertrand H. Carpentey
Urriak 26: Xosé Estévez, Jose Angel Irigaray, Luis Rei. Musika: Ruper Ordorika&Arkaiz Miner. Testuak: Luigi Anselmi, Bernardo Atxaga, Tere Irastortza, Xabier Lete, Xabier Montoia, Joseba Sarrionandia. Zazpi poeta/Alén da fronteira