‘Little Nemo’ pertsonaiaren ibilerak ehun urtetan zehar
Little Nemo
Frank Pé ; Winsor McCay-ren arabera
Nuevo Nueve, 2021
Nemo txikia pertsonaia Winsor McCay estatubatuarrak sortu zuen 1905 urtean. New York Herald egunkariko igandetako alean argitaratzen ziren haren abenturak ‘Little Nemo in Slumberland’ izenburupean. Fantasiaz beteriko komiki bakoitzak Nemo haurraren amets bat kontatzen zuen, eta, azken binetan esnatzen bazen ere, igandetik iganderako ametsek nolabaiteko jarraipen narratiboa ere izan ohi zuten.
Urteetan zehar Little Nemoren hainbat egokitzapen egin dira. XX. mende hasieran pertsonaia estatubatuarra ekonomikoki errentagarri bihurtzerainoko intentzioarekin Nemo protagonistatzat zuten joko, postal, liburu eta haurrentzako arropak ere sortu ziren. Ordutik, bideo-jokoak, Broadway-ko antzerki obra bat, baita McCay berak zuzenduriko film labur bat ere azaldu ziren.
Azken egokitzapenetako bat da honakoa, Frank Pé belgikarrak egin duen komikia hain zuzen ere. Autoreak hainbat komiki orri sortu ditu Nemo txikiaren abenturei kutsu pertsonala emanez, originalarekiko errespetu handiz. Hala, McCay-k irudikatutako mundu bereziek badute beren lekua liburuan, baita sinbologia eta surrealismoak ere. Belgikarrak, ordea, jorratzen diren gaiak eguneratu egin nahi izan ditu, eta, autoreari omenaldi bat egin nahian, Winsor txikia pertsonaia sortu du; autorearen amets eta beldurrak islatzen dituzten istorioen protagonista zuzena bilakatuz. Animali, pertsonaia berezi, amets eta fantasiaz beteriko orri hauei originalarekiko maitasun eta miresmena darie etengabe; autoreak idatziriko sarreratik, azken istorioan ametsei egindako omenaldiraino.