Lizardi 1896-1933
Xabier Lizardik literatur genero ezberdinak landu zituen: olerkigintza, antzerkia eta kazetarigintza. Baina horien artean literaturaren arloan ospe gehiena erakarri diona olerkigintza izan da, zalantzarik gabe, kritikoek aho batez aitortu baitute haren obra poetikoa euskal lirika modernoaren gailurtzat.
Obra poetiko horren fruiturik hoberenak Biotz-begietan (1932) liburuan bildu zituen, eta bera hil ondoren, Euskaltzaleak elkarteak Umezurtz Olerkiak argitaratu zuen, lehen liburuaz geroztik eginiko olerkiak bilduz.
Lizardiren olerkietako gaien tematika, izadia, bizia eta heriotza, aberria, euskara eta euskal tradizioaren ingurukoa da. Estiloari dagokionez, berriz, hizkera trinko eta dotoreak karakterizatzen du, bere modernotasunagatik eta originaltasunagatik nabarmendu zelarik garaikoen artean.
Antzerki lanen artean, hiru obra ezagutzen dira argitaraturik. Laño ta izar izenekoa haur ipuin baten eszenaratze poetikoa da. Bigarrena, Bi aizpak frantsesezko komedia baten euskarazko moldaketa da. Hirugarrena, berriz, Ezkondu ezin zitekeen mutilla, gizarte ohituren kritika eginez, bere bizitzako zenbait gorabeheratan oinarrituriko ohitura komedia da.
Kazetaritza izan zen, berez, bere izen literarioa guztiz ezaguna bilakatu zuen generoa; izan ere, kulturaren arloan, literaturgintzan edo politikaren arloan burutu zuen aktibitate nekaezinaren adierazbide zuzenenak izan baitziren egunkarietako artikulu ugariak.
1927tik 1933rarteko ehundik gora artikuluren artean hautapena eginez, Itz-Lauz liburua argitaratu zuen Euskaltzaleak elkarteak 1934ean. Liburu honi esker eta berrikiago argitaraturiko bilduma osoagoen bidez ezagutu daiteke euskaraz eta erdaraz idatzi zituen artikuluetako tematika zabala, euskal egunkaria, ikastolak, euskal kultura eta literatura, polemikak eta kritika literarioak...
Lizardiren kazetari lanen estiloaren dotorezia, zuzentasuna eta ironia azpimarratu izan dira. Lizardiren prosan errejistro ongi perfilatuak nabari daitezke. Bere nahiaren arabera zekien moldatzen, batzuetan, jasoa, kultua, dotorea zen prosa, eta bestetan, aldiz, eguneroko hizkuntza mintzatuaren indar espresiboa zuen hizkera arina, zuzena eta gihartsua.
Lourdes Otaegi
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04