Louis-Lucien Bonaparteren eskuizkribuak
Bonaparte printzeak (1813-1891), bere biziko garrantzia izan zuen euskararen ikerketa zientifikoan. Bidaiaria eta europar hizkuntzen ikerlaria, hainbat hizkuntzatan hitz egiten eta idazten zuen, italieraz, frantseseraz, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz. Izan ere, bere ahalegin handiera euskarari eskaini zion, hala lan kopuruan nola dirutan.
Londresen bizi bazen ere, gure lurraldean bost aldiz bidaiatu zuen, euskarari buruzko tokian bertan ikertzeko, euskaldun talde baten lankidetzarekin. Horrek ahalbidetu zuen euskalkien mapa ezaguna burutzea, zeinak gaurkotasuna mantendu duen XX. mendea ia bukatu arte eta 1868 urtean euskarak hartzen zuen eremuaren isla den. Horrez gain, ezin ahaztu euskal aditzaren inguruko lanak eta bultzatu eta finantzatu zituen itzulpenak.
Zalantzarik gabe, bidai hauetan zerikusi handia izan zuen Antoine d’Abbadie (1810-1897), aita zuberotar zuen irlandarrak, harekin Oxforden irakasle aritu baitzen. Bien artean, garaiko euskal fondoko liburutegirik onenak osatu zituzten; Abbadierena Parisko Liburutegiko Nazionalean amaitu zen eta honako hau, europar dialektoei buruzkoa, Chicagora bidali zuten.
Bonaparte hil zenean, eskuizkribu bilduma zabala zeukan Londresen, bai bereak, bai lankideenak. Alarguna, euskal jatorrikoa bera, Clemence Richard Grandmontaigne izenekoa eta Zegamako Claudio Otaeguiren koinata, Bonaparteren ezinbesteko laguntzaile bilakatu zen euskarazko testuak zuzentzen eta liburutegia saltzea erabaki zuen. Helburu horrekin Victor Collins bibliografoari katalogo bat egiteko agindu zion eta eginkizun horretan Resurreccion Maria Azkueren laguntza eskuratu zuen euskalkiak bereiztu ahal izateko.
Azkenean, salmenta gauzatu zen 1896 urtean, oraindik kontserbatzen zuen liburutegia H.S. Nichols-i saldu eta horri 1901 urtean Chicagoko Newberry liburutegiak erosi zion.
Baina funtsak Azkue hunkitu zuen eta sikiera eskuizkribuak berreskuratzen saiatu zen; horretarako harremanetan jarri zen orduan Londresen enbaxadore zenarekin, Fermin Lasala Mandasko dukea zenarekin. Hark Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako Aldundien erosteko konpromezua lortu zuen eta 1904 urtean funtsa eskuratu zuten.
Bidezko banaketaren ondoriozko hiru dokumentu sorta egin eta sail bana eskuratu zuten Foru Aldundiek, kontuan izanik eskuizkribuen hizkuntzak eta dialektoak.
KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegian kontsultagai daude Gipuzkoari egotzitako dokumentuak eta azken hilabete hauetan eskura daude sarean ere euskararen ingurukoak, digitalizatu ondoren.