Luis Gasca, In memoriam
Ia umetatik herri kulturarekin zerikusia zuen guztiaren bildumagilea, komikigintzan aditua, gidoilaria, idazlea, editorea, zinemarekin lotutako gizona, Luis Gasca zuzendarien, aktoreen eta aktoresen laguna, Donostiako Zinemaldiaren kolaboratzailea eta haren zuzendaria izan zen 80ko hamarkadaren hasieran. Ikertzaile nekaezina, Koldo Mitxelena Liburutegiko Komikigunera, komikigintzari eskainitako espaziora, egunero joaten zen bere artxiboko materialean murgildu eta bere azken proiektu editoriala idaztera.
Bere bizitzan zehar bildutako objektu eta dokumentu bilduma KMK Liburutegiko funts bibliografikoetan gehitu zen, 2004an hasi zen erosketa prozesu baten ondoren, eta hurrengo urteetan berak egindako material dohaintzarekin osatu zen. Hortik aurrera, komiki-bilduma, Liburutegiko katalogoaren bidez kontsulta daitekeena, beste egile eta bildumagile batzuen dohaintzekin eta egungo argitalpenen erosketarekin aberastu eta zabaldu da. Gaur egun 30.000 dokumentu inguru ditu.
Luis Gasca bildumaren berezitasuna eta balioa aurreiritzirik gabeko herri-kulturari egindako begiradari dagokio. Orain ikuspegi naturala iruditzen bazaigu ere, komikia arte oso gisa ulertzen duen begirada erabat berritzailea izan zen bere garaian. Luisek beti zeukan aktibatuta kultura herrikoiarekin eta komikiarekin lotuta zegoen edozein material bisualki edo semantikoki detektatu eta biltzeko txipa. Edonon zegoela ere, testu bat, bineta bat edo argazki bat topatzen bazuen, hura eskuratu, moztu eta biltzen zuen eta gaika antolatutako artxibo batean sartzen zuen, berak sortutako tesauro baten arabera, eta sarritan joaten zen bertara bere lanak dokumentatzera edo kanpoko proiektuetan aktiboki parte hartzera.
Biblioteka honetako ohiko ikertzaile eta kolaboratzailea, Luis pertsona adimentsu, jakintsu eta atsegina zen, jakin-min intelektual handia zuena. Amaierara arte mantendu zituen bere bizitza profesionalaren ezaugarri izan zuen lanerako gaitasuna eta, batez ere, etorkizuneko proiektuekiko ilusioa. Koldo Mitxelena Kulturunearentzat, luxu eta plazer handia izan da urte hauetan zehar haren bidelagun izatea.
Ricardo Iriarteren argazkia (Lizentzia CC by SA 3.0)