LUIS GORDILLO. Confesión general / Aitortza orokorra
Luis Gordillo. Aitortza Orokorra da artistari buruz egindako erakusketa garrantzitsuena, Bartzelonako MACBA museoan (1999) eta Madrilgo Centro de Arte Reina Sofía museo nazionalean (2007) egindako erakusketa antologikoen ondoren. Oraingo honetan berrehun pieza inguru bildu dira, sei hamarkada eta artistaren sorkuntza etapa guztiak jasotzen dituen ibilbide bat eginez.
Erakusketan garapen kronologiko bat jarraitzen da eta lanak areto espezifikoetan antolatuta daude, ondorengo geldialdiak kontuan hartuta: informalismoarekin lotutako marrazki automatikoak; pop britainiarrarekin ahaidetutako buruak eta hirulauhankakoak, oinezkoak eta auto-gidariak; 70eko hamarkadako ekoizpena egituratzen duen marrazkia eta hamarkada horretako zatirik handienean irudi fotografikoarekin eta serialitatearekin izandako esperientziak; 80ko hamarkada, bereziki Los Meandros seriea; 90eko hamarkada, bere margolan garrantzitsuenetako baten inguruan Blancanieves y el Pollock feroz; mende honetako lehen hamarkadan euskarriei eta teknikei dagokienez egindako esperimentazio berriak, arte digitalari sarrera emanez; eta ibilbidea amaitzeko, 2015. urtean egindako buruen sail berri bat.
Luis Gordillok aintzatespen eta sari ugari ditu, besteak beste, Arte Plastikoetako Sari Nazionala, Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina, Velázquez Saria eta Andaluziako Seme Kutuna. Pinturaren arloan lan zabala egin du, lengoaia desberdinak batuz eta era askotako planteamenduak eginez (informalak edo formalak, abstraktuak edo figuratiboak) sei hamarkadatan osatzen joan den lanetan.
Sevillako unibertsitatetik pasa ondoren, Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen. 1958an lehenengo aldiz joan zen Parisera eta informalismoa ezagutu zuen lehenik, eta Pop-art delakoa ondoren, zeinak adierazpen bide berriak eskaini zizkion. Parisera egindako bidaia erabakigarria izan zen bere karreran. Era berean, Londresera egindako bidaiak bere ibilbide artistikoa markatu zuen, artistaren pop garaiaren arrazoia izanik. Londresen, besteak beste, Hamiltonen eta Hockneyren lana ezagutu zuen eta, aurrerago, Amerikako Estatu Batuetako proposamen berriak Arte de España y América erakusketaren bitartez, non Robert Rauschenberg, Jasper Johns eta Larry Rivers artistek are gehiago piztu zuten hain iradokitzailea zen figurazio berri horrekiko interesa.
Luis Gordillo Madrilgo figurazio berriaren aitatzat eta azken hamarkadetako Espainiako margolari garrantzitsuenetakotzat jo dute. Espainiako eta nazioarteko museo nagusienetan ikus daitezke bere lanak. Veneziako eta Sâo Pauloko bienaletan parte hartu izan du, besteak beste; baita Espainiako eta atzerriko erakusketa nabarmenetan ere.
Francisco Calvo Serraller kritikariaren arabera, Gordilloren lanean dago “marrazkiaren eta margoaren arteko identifikazioa; espazioak sortzeko obsesioa; marratuetan, punteatzean, orbanetan eta laukietan oinarritutako grafismoa; Txinako tintaren erabilera, arkatz, marratu eta urratuekin ekortuta; hainbat ebokazio figuratibo, eta ikur identifikagarrien presentzia (hizkiak, zenbakiak, gurutzeak, etab.)”. Gordilloren ekoizpenaren ezaugarria izan da kategoria estetikoak eta dilema artistikoak konplexuagoak egitea, definizio hutsetatik eta aurrez ezarritako esparruetatik atera nahian, eta horretarako ikerketa etengabea gauzatu du, esperimentazio iraunkor batera eraman duena.
Erakusketa honen koprodukzioan hainbat erakundek parte hartu dute: Sevillako Arte Garaikideko Zentro Andaluziarrak, Santiago de Compostelako Arte Garaikideko Zentro Galiziarrak, Alhambrako eta Generalifeko Patronatuak, eta Granadako Guerrero Zentroak. 2017an leku horietan guztietan ikusi ahal izango da erakusketa.
Erakusketa:
2017.03.23 / 2017.06.10
Inaugurazioa:
Martxoaren 23an, 19:30ean
Ordutegia:
Asteartetik larunbatera
11:00-14:00 / 16:00-20:00
Jaiegunetan itxita
Apirilak 15, larunbata, itxita
Bisita gidatuak:
kmk@komazk.com
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04