Maiatzeko komiki eta eleberrien nobedadeak
Liburutegian azken hilabetean zehar jasotako eleberri eta komiki berrienak eta baita aukeraketa bat ere
Maiatzeko komiki eta eleberrien nobedadeak
Iritsi berriak dira nobedade hauek mailegura. Azken asteetan jasotako fikziozko lanen zerrenda duzue jarraian, eta baita horien arteko aukeraketa bat ere modu xehetuagoan. Hemetxe irakurri, estekaren bidez katalogara sartu eta erreserbatu dezakezue gustukoena gero bila pasatuz (Errege-Erregina katolikoen kaleko 16 zenbakian). Gozatu!
ELEBERRIAK
Juan Gómez Bárcenaren “Abril o nunca” eleberrian, Teresa protagonistak urtean bi aldiz ospatzen du bere urtebetetzea, bat amarekin Madrilen eta bestea aitarekin Benidormen. Egun batean Cala de los Amarillosen buzeoan aitarekin zebilela bere aitaren bizitzan aldaketa bate mango da. Une horretatik aurrera, Danielek krisi sakon bati egin beharko dio aurre, erru sentimenduak, egun hartako oroitzapen obsesiboak eta mina zeharkatuz berreraikitzeko aukera bat bilatu beharko du.
“Utopiaren belaunaldia” Angolaren independentziaren aurreko eta ondorengo urteetan hezitako belaunaldiaren ibilbide intimo eta kolektiboa da. Pepetelak Lisboako Ikasleen Etxetik gerrillara eta gerra zibilaren nahasmenera eramaten ditu bere pertsonaiak, haien bizitzak gurutzatuz herrialde oso baten historia zatikatuaren isla bihurtuz. Idealismoaren sorrera, borrokaren gogortasuna eta askatasunak ekarritako kontraesanak erakusten ditu, itxaropenaren eta porrotaren arteko tentsio etengabean.
Sally Carson-en “La cruz torcida” lanean, 1932ko Alemanian Lexa Kluger eta bere ingurukoen bizitza nazismoaren eraginez nola aldatzen den kontatzen da. Lexaren anaiak alderdi naziaren egonkortasun promesak erakarriko ditu, Lexaren senargaia berriz, Moritz Weissmann bere abizen juduagatik jazartua izango da. Giro zapaltzaile horren erdian, bikoteak bere maitasun istorioa eta duintasuna bizirik mantentzen saiatuko dira, gero eta itogarriagoa den erregimenaren aurrean.
Joaquín Bergesen “Manual de terapia felina” lanean, terapeuta ziniko eta behatzaile batek bere kontsultan obsesioek, beldurrek eta bitxikeriek markatutako pertsonaiak artatzen ditu: galdutako itzalak, ispilu kezkagarriak edo trukatutako identitateak. Oreka emozionalaren eredu gisa hartzen duen, Mismís katuaren laguntzarekin, gizakiaren izaerari buruz hausnartuko du, ironia eta katu-ikuspegia haintzat hartuz.
“Peces” maitasun istorio bizia eta delikatua da, non desioa, intimitatea eta zaurgarritasunak harreman eraldatzaile baten hasiera markatzen duten. Begirada poetiko eta sakon baten bidez, Eva Baltasarrek bere bizitzako esperientzia arriskutsuenetako bati aurre egitean agertzen diren kontraesanak aztertzen ditu, sentimentu handiz eta pasioz.
Carolina Sarmientoren “Las fronteras” lanak etorkizunera garamatza. Lur planeta bere limitera iritsi da eta gizateriak planetaren erdia abandonatzea erabakiko du naturak oreka berreskura dezan bertan. Egun erabakigarri batean, zaindari batek gizakien eta izadiaren arteko muga kontrolatuko du, gatazkak eta misterioak biziz, eta gure espezieak mundua jatorrira itzultzen den honetan zer ondare utziko duen hausnartuz.
KOMIKIAK
Maite Caballerok “Mientras dure la lluvia” lana aurkeztu du. Donostian, euria eta malenkonia paisaiaren parte diren hirian, elkar ulertzeko zailtasunek eta bakoitzak motxilan daramatzan beldurrek markatutako maitasun istorio bat irudikatzen da komiki honek. Pertsonaia sakonki gizatiar eta hurbilekoek samurtasuna, tristura eta enpatia pizten dituzte, harremanek nola hegan egitera bultzatu gaitzaketen edo besteen tristuran harrapatuta utz gaitzaketen erakutsiko digu.
“Dos mujeres desnudas” komikia artearen eta kulturaren munduan lan egiten duten pertsona askori buruzko hausnarketa gisa sortu da, askotan soberan daudela dirudien persona horiei buruz. 1937an Munichen egin zen “arte degeneratuaren” erakusketa naziaren testuinguruan kokatutako Otto Mueller-en koadro bat abiapuntu hartuta, Europako garai ilunenetako bat zeharkatzen du, artea gorrotoaren, jazarpenaren eta arpilatzearen helburu nola bihurtu zen erakutsiz.
Sebas Martín-en “La piel como única bandera” lanean, Espainiako Gerra Zibilaren ostean kokatuta, Basiliok Frantziara ihes egin du milaka errepublikar erbesteraturekin batera eta errefuxiatu-esparruetan baldintza gizagabeetan egon da. Argelès-sur-Merretik abiatuta, gerra, nazien okupazioa eta bere lekua bilatzeko borrokak markatutako ibilbide luze eta zaila hasiko du, bere errepublikazaletasunaren eta homosexualtasunaren zamarekin batera, inoiz berea sentituko ez duen herri batean.
Teresa Radice eta Stefano Turconiren “Malas hierbas” komikian sorginkeria leporatu dioten belargile baten alaba da protagonista 1630eko Frantzian. Avilak bidaia bati ekingo dio bere ama aurkitzeko; denek sutan erre zutela esan badiote ere. Timo lapurrarekin batera, arriskuz, jazarpenez eta sekretuz beteriko bidea egingo du, abentura, nortasuna eta munduak inposatu nahi digunaren aurkako erresistentzia uztartzen dituen komikia da honakoa.
Umi Kusahararen “Mothers” komikian 12 kontakizun biltzen dira, giza esperientziaren hainbat alderdi aztertzen dituen lan delikatuan. familia-loturak ardatz dituelarik sentsibilitatez eta sakontasunez, maitasunari, gatazkei, zauriei eta une zailenetan ere eutsi diezaguketen adeitasun-keinu txikiei buruz hausnartzen du.
Juanjo Rodríguez J.-ren “La nueva Arcadia” komikian Prometeo Higadillo Penosa de Mar-era iritsiko da “Nueva Arcadia” eraikitzeko lurrak erosteko asmoz; herri osoarentzat, oparotasuna agintzen duen turismo-gune handi bat izango dela diote. Hala ere, Nomdediós familia xelebreak, lursail garrantzitsuenen jabeek, ez dute saldu nahi izango eta familia berezi eta kaotiko hori konbentzitzea espero zuena baino askoz lan zailagoa izango da.