Maiatzeko musika nobedadeak
Hona hemen apirilean iritsi eta katalogatu diren CD berrienak. Eskuragai daude mailegu bidez etxera eraman ahal izateko edo liburutegian bertan entzuteko. Lamiak banda donostiarrak bere disko berria argitaratu du “Itzalak, Argiak” izenburuarekin. Hamar kantu, sonoritate ezberdinen nahasketarekin, guztiak rockaren barruan kokatuta. Libe García de Kortazar eta Jon Basaguren musikariek Pasadena taldea osatu dute, eta “Pasadena” izenburuko beren lehen diskoa kaleratu dute. Diskoak zortzi abesti ditu, rock eta folk ukituekin, gitarra elektriko eta akustikoekin, eta bateria eta teklatuen erritmoekin. Oñatiko Mila Modu laukoteak power-pop kutsuko 10 kantuz eta 90eko hamarkadako gitarren keinu batez osatutako «Intra» izeneko bigarren diskoa aurkeztu du. Larre Alde trikitilariek “Zirimiri” aurkezten dute, hainbat plazetan, trikitixa eta panderoarekin jotzen dituzten hamabi pieza ezagunenak jasotzen dituen lana. Ensemble 0 taldeak “Pozgarria da” kaleratu du Euskal Kultur Erakundearen 30. urteurrena ospatzeko. Hainbat musika estilotan oinarrituta, taldeak Petar Klanac musikaria gonbidatu du, Bitoriano Gandiagaren poemak musikatzen parte hartu baitu. Albosax Mixel Ducauren proiektu berria da (alboka hirukotea, saxofoi laukotea eta sekzio erritmikoa), eta “Otazu blues” aurkezten du. Gaur egungo musika tradizionalari buruzko ikuspegi oso berezia eta modernoa da.