Manga komikiari eskainitako atal berria
Manga komikiari eskainitako espazio berria estreinatzen ari gara Koldo Mitxelenaren Komikitekan. Japoniar komiki tradizional hauen eskaria eta eskaintza etengabe gorantz doa, nahiz eta badiren hamarkada batzuk hauek merkaturatu hasi zirenetik. “Marrazki xelebreak” esanahi du berez manga hitzak, eta Japoniako jatorrizko idazkera mantentzen dute, hau da, orriak eskuinetik ezkerrera irakurtzen dira. Orain dela gutxi, “Manga estiloko komikiak“ artikulu batean, mangari buruz hitz egiten genuen eta irakurle motaren arabera egiten den sailkapena ere aipatu genuen bertan. Sailkapen hau ez da mangaren barruan aurkitu dezakegun sailkapen bakarra. Generoaren arabera ere sailkatu daitezke eta horren arabera honako hauek topa daitezke: Nekketsu (akzioa), Spokon (kirola), Gekiga (helduak, drama), Mahō Shōjo (botere edo gailu bereziak dituzten pertsonaiak), Yuri (nesken arteko maitasuna), Yaoi (mutilen arteko maitasuna), Harem (emakume taldea, gizonezko ko-protagonista batekin), Mecha (Robotak, erraldoiak…), Ecchi (umorezko eduki erotikoak), Jidaimono (Japon feudala) edo ezagunenetarako bat, Gore (biolentzia grafiko handiko animea).
Gaur egun, gure komiki funts zabalaren barruan, komikien %8a manga komikiaren generoari dagokio. Tartean topatu ditzakezue honako serie hauek: “Billybat”, “The promised Neverland”, “Last man”, “Happy”, “Vinland saga”... Manga komikiek, normalean, tamaina berdintsua izaten dute, 18 edo 20 cm ingurukoa, eta gehienetan, hainbat liburukiz osatutako serieak izaten dira. Guzti hau kontuan hartuta, eta gero eta komiki gehiago dauzkagula eta genero honen irakurle kopurua ere gorakada nabarmena izaten ari dela ikusirik, mangari bere espazio propioa eskaini diogu komikien artean. Era honetan, gainontzeko komikien espazioa ere berrantolatzeko aukera sortu dugu eta batez ere, manga gustuko duen erabiltzaileari bidea erraztu diogu aleak errazago eskuratu eta irakur ditzan.