Mare Clausum: Norena da itsasoa?
Aitor Buitrón Pérez de San Romanek, Euskal Itsas Museoko Hezkuntza Arduradunak, bertan ikusgai dagoen ‘Mare Clausum: norena da itsasoa?’ erakusketari buruz hitz egingo digu, baita horren parte den KMK Liburutegiko dokumentu bati buruz ere.

Mare Clausum: Norena da itsasoa?
Elkarrizketa berezia prestatu dugu Aitor Buitrón Pérez de San Romanekin, Euskal Itsas Museoko Hezkuntza Arduradunarekin, Museo honetan 2025eko azaroaren 2ra arte bisitatu daitekeen Mare Clausum: norena da itsasoa? erakusketari buruz.
Erakusketa honen helburua hausnarketa eragitea da: batetik, “norena da itsasoa?” galderaren atzean dauden eta gaur egunean ere pil-pilean darraiten gai konplexuei buruzkoa eta, bestetik, Europak zazpi mendetan zehar munduko ozeano guztietan barrena buruturiko hedapen eta menderakuntzan Euskal Herriak izandako erantzukizun erabakigarriaren ingurukoa.
Eta, gainera, KMKren Liburutegiko Funtsen dokumentu bat ere badu.
1.- "Mare Clausum: Norena da itsasoa?" Nola sortu zen erakusketa honen ideia?
Interesgarria iruditzen zitzaigun erakusketa "Norena da itsasoa?" galderaren inguruan izatea. Ideia hainbat zibilizazio eta potentziek itsasbideen eta itsas baliabideen ustiapenaren gaineko nagusigoa eskuratzeko izan dituzten borroka eta lehietatik abiatzen da. Eztabaida horiek funtsezko elementuak dira gaur egungo tentsio geopolitikoak ulertzeko.
Horrez gain, Euskadik zazpi mendetako hedapen eta dominazio europarrean izan duen papera erakutsi nahi genuen.
2.- Zer da bertan aurkituko duguna? Zein da bere istorioa?
Aipatutako helburutik abiatuta, bi solairutan banatutako erakusketa antolatzen da. Lehenengo solairuan ongietorria egiten diegu gaur egungo gatazkei. Erakusketaren izenburuak berak aurkezten digu, eta azalpen labur bat ematen digu antzinateko zibilizazioetatik hasi eta XVIII. mendera arte itsasoek zuten jabetzari buruz. Orduan hasi zen Europan Mare Clausum eta Mare Liberum kontzeptuei buruzko eztabaida.
Bigarren solairuan, Euskadiko probintziek Foruak direla jokatu duten zubi-papera azaltzen da.
3.- Ze motatako objektuak erakusten dira? Eta, zein da euren jatorria?
Ikusgai dauden objektuak grabatuak eta dokumentazio historikoa, pieza arkeologikoak edo erlijio-materialak dira. Erakusketa muntatzeko museoaren beraren bildumako funtsak erabili dira, baina San Telmo Museoa, Eusko Jaurlaritza, KMK liburutegia edo Arantzazuko santutegia bezalako erakundeen lankidetza ere izan da.
4.- Zer pieza nabarmenduko zenuke erakusketa honetan? Ba al dago istorio bereziki interesgarria duen baten bat?
Nabarmentzekoak dira, alde batetik, Arantzazuko Santutegiko objektuak, 1631ko Abroxen guduaren ondoren Antonio Okendok zinoparitzat eraman zuen kanoi-bola bat, eta, bestetik, Antonio Okendok gudu berean Jansz Pater almirante holandarrari kendu zion Orangeko Etxeko armekin egindako zutoihala.
5.- Ba al dato erakutsi nahiko zenuketen eta posible izan ez den piezarik edo objekturik?
Beti dago ekarri nahi den aparteko piezaren bat, baina ikus daitekeen hautaketarekin oso pozik gaude.
6.- Horien artean badago Koldo Mitxelena Liburutegitik ekarritako dokumentu bat: Nueva recopilación de los Fueros, privilegios, buenos usos y costumbres, leyes y ordenanzas de la muy N. y muy L. Provincia de Guipúzcoa. Zergatik aukeratu duzue? Zein da erakusketan egiten duen ekarpena?
Dokumentu hau aukeratu dugu Euskal Zubiaren atalaren gida-objektu gisa balio duelako. Bilduma honetan gipuzkoar gizartearen pribilegioak eta zereginak agertzen dira eta Foru hauek gipuzkoar biztanleriak itsasoarekin duen harremanaren azalpena dira: baliabideen ustiapena, baliabideak ustiatzen dituzten lurraldeekin ezartzen diren harreman komertzialak edo potentzia europarren eta monarkia hispanikoen arteko harremanak eta Gipuzkoak horietan duen papera.
7.- Hala ere, ez da bi erakundeek, Euskal Itsas Museoak eta KMK Liburutegiak, elkarlanean jarduten duten lehen aldia. Museoetan ohikoa al da liburutegiekin lankidetzan aritzea? Interesgarria da?
Gure kasuan, oso ohikoa da liburutegiekiko lankidetza; izan ere, liburutegiek, KMK Liburutegiak bezala, funtsak, grabatuak, liburuak eta dokumentazio historikoa izaten dute, eta horrek erakusketa asko aberasten du.
Oso interesgarria da bi norabideko lankidetza hau, ekosistema oso garrantzitsua osatzen baitugu Gipuzkoako kultur ondarea zabaltzeko orduan.
8.- Zer berezitasun ditu dokumentu bat paperean azaltzeak (manipulatzea, esposizio- eta kontserbazio-baldintzak...)?
Paperezko dokumentu bat azaldu ahal izateko, alderdi hauek hartu behar dira kontuan: manipulazioa, hezetasun- eta tenperatura-baldintza egonkorrak dituen beira-arasa bat, eta abar. Horretarako, Artsorb izeneko elementu bat erabiltzen da. Beira-arasaren barruko hezetasuna kontrolatzen du elementu horrek, tenperatura egonkorra izan dadin barruan.
Horrekin batera, hainbat orriko dokumentuen kasuan, orriz aldatu behar da hilero, kalterik gerta ez dadin.
9.- Erakusketa 2025eko azaroan amaituko da. Zer moduz joan da orain arte? Zer sentsazio duzue eta zer erantzun jaso duzue herritarrengandik?
Erakusketa 2025eko azaroan amaituko da, eta orain arte ezarritako helburuak lortu dira: gaia ezagutaraztea eta iraganaren eta gaurkotasunaren eztabaida eragitea, alegia.