María Medemen Cenit
Cenit
María Medem (Sevilla, 1994)
Apa-Apa Cómics
Maria Medemek bere lehenengo komiki luzea atera du Apa-Apa argitaletxearekin.
Apa-Apan komiki desberdinak argitaratzen dituzte. Bere katalogoan ez ditugu ohiko argitaletxeetan aurkitzen ditugun komikiak ikusiko.Bai bereziegiak direlako edo bai egilea berria edo ezezaguna delako. Edo aurreko bien nahasketa bat, Ceniten kasuan gertazten den bezala.
Maria Medem komikiaren bide berriak hausnartzen dituen egile horietako bat da. Esperimentazioan eta narratiba mota ezberdinetan jartzen du arreta. Lantzen dituen gaiak ere abstraktuagoak dira. Duela gutxi arte komiki hauek fanzineetan bakarrik aurkitzen genituen arren, gutxinaka liburu denda gehiagotan, ISBN eta guzti, aurkitu ditzakegu. Baina horrek ez du esan nahi minoritarioak izateari utzi diotenik.
Cenit komikia nahiko abstraktua da Maria Medemen aurreko lanak bezala, baina zatika narratiba klasiakoago batera jotzen du. Argumentuari laguntze aldera, bi narratiba motak nahasten ditu. Bi ezezagunek sonanbulismoa dela eta gauetan izaten dituzten abenturei buruz hitz egiten dute. Orrialde ortodoxoagoek egunerokotasuna kontatzeko balio dute. Abstraktuenek aldiz, bizipen onirikoak erakusteko. Honez gain Cenitek sinbologia bisual aberatsa dauka eta honek irakurketa bat baino gehiago eskaintzen dio irakurleari.
Maite Caballero