Martin Ugalderi buruzko erakusketa

Ehun urte betetzen dira aurten Martin Ugalde kazetari, euskaltzale, idazle eta politikaria jaio zenetik. Mendeurrena ohoratzeko antolatzen ari diren jardueren artean, Liburutegiko 1. solairuan andoaindarrari buruzko erakusketa bat ospatuko da uztailaren 7tik abuztuaren 27ra.
Gerraostean ihesi, bi hamarkada pasa Venezuelan bizitzen eta kazetari lanetan eman ondoren, 1969an Euskal Herrira itzuli eta Zeruko Argia aldizkarian eta Deia egunkariaren sorreran parte hartu zuen. Idazle oparoa ere izan zen; ipuinak, saiakerak, antzezlanak eta eleberriak idatzi zituen, euskarazko ipuingintza modernoaren aitatzat hartzen delarik. 1990ean Euskaldunon Egunkariaren sorreran berebiziko garrantzia izan zuen.
Bizitzako azken urteetan sari eta izendapen ugari jaso zituen egindako lanarengatik; Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen, Andoaingo Udalak seme kuttun, Eusko Jaurlaritzak euskal herritar unibertsal eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain. 2002an Andoainen eratu zen kultur parkeari ere bere izena eman zioten.
2021eko uztailaren 7tik abuztuaren 27ra, Liburutegiko 1. solairuan
Astelehenetik ostiralera: 8:30-20:30 / Larunbatetan: 8:30-14:00.
Igande eta jai egunetan itxita