Martxoaren 27a, Antzerkiaren Mundu Eguna
Macbeth euskaraz taularatu zenekoa
Antzerkiaren Mundu Egun honetan, zeinen, tamalez, toki askotan aretoak hutsik izan diren, leiho txiki honetatik begiratu eta Macbeth lehengo aldiz euskaraz antzokietan taularatu zeneko zirrikito batzuk nolakoak izan ziren ezagutu ditzakegu Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiaren katalogoan digitalizatu eta eskuragarri dauden dokumentuen bidez.
Joan den mendeko hogeiko hamarkada zen eta 1915ean jaiotako '' Euskal Hizkuntza eta Deklamazioaren Akademia, Euskal Iztundea '', ondo finkatuta zegoen eta gure geografia osoan zehar ibiltzen zen antzezlan txalotuak aurkezten, herriz herri.
Bere zuzendariak, Toribio Altzaga antzerkigileak, ikerketa sakon baten ondoren, Shaskespeareren ''Macbeth'' lan klasikoa euskarara ekarri eta egokitu zuen antzerkirako ''Yrritza'' izenburupean, egokitzapen pertsonal bat eginik. Obraren pertsonaiak antzezteko 1924 urtean idatzi zituen lan-kuadernoak aktoreentzat hemen irakur daitezke.
Horri buruzko informazio asko eskaintzen diguten antzezpenen kartelak ere aurkituko ditugu katalogoan, non antzezpenei buruzko informazio asko topatuko dugu,hala nola ''Yrritza''ren bigarren antzezpenarena: Donostiako Principe Antzokian izan zen, 1925eko martxoaren 15ean, eta aktoreen zerrenda ikusiko dugu.
Beorlegi jauna izan zen Macbeth pertsonaia antzeztu zuena eta haren irudiren bat gordetzen dugu, talde argazkiren batean edo orduko prentsaren artikuluetan (Kaiku, 1922).
Berehala, liburu gisa argitaratu zen Donostian 1926 urtean, Irritza: Shakespearen Macbeth'en gayean, iru egintza ta egintza-aurrean izenburuarekin, eta hemen ikus dezakezu horren bertsio digitala.
Itzulpenak nolabaiteko jakin-mina piztu zuen orduko britaniar giro kulturalean. Izan ere, Britaniar Liburutegi Nazionalerako aleren bat eskuratzeko saiakera jasotzen du 1927ko eskolako urtekariak (eta oraindik gordetzen da, British Libraryaren katalogoan ikusten denez: https://labur.eus/Oq4T3). Digitalizatutako eskuizkribu honetan, ''Yrritza en Londres'', ederki ikus daiteke pasadizoaren gorabeherak; gainera, bertan Alzagak xehetasunak ematen dizkigu itzulpen horren inguruan edo erabili zituen iturriei, pertsonaien ikuspegiari edo obra egokitzeko irizpideei buruzkoak.