Marvel Unibertsoa
Zinema-estudioak 30 urte bete ditu gaur

Marvel Unibertsoa
Dagoeneko pijamak eta koloniak ere ezagutu ditugun arren, Marvel unibertsoa marrazkietan sortu zela gogora ekarri nahi dugu gaur. Duela 80 urte inguru sortu zituzten Marvelen lehen marrazkiak komiki formatuan argitaratzeko asmoz. Abenduaren 7an, ordea, Marvel Studios zinema-estudioak 30 urte beteko ditu. Marrazkietatik, zinemara eta gaur egun esan bezala edozein motako merchandising-a zabalduz, oso ezaguna den “Marvel” marka nondik datorren eta zein pertsonaiatan oinarritzen den ezagutzeko liburua aurkeztu nahi dizuegu.
Marvel unibertso bat da. Komikietan sortutako fikziozko unibertso handia, non pertsonaia desberdinak jaio, bizi eta hil egiten diren. Pertsonaiak istorio desberdinetan azaltzen doaz eta haien artean gurutzatzen dira, harremanak dituzte, borrokatzen dira… baina denak batera imajinatzea ez da gauza erraza. Ehundaka eta ehundaka pertsonaiek osatzen dute 80 urte baino gehiago dauzkan Marvel Unibertsoa.
Eskuartean dugun liburuak unibertso honen pertsonaia guztiak jasotzen ditu, edo behintzat 1983 baino lehen sortutakoak, urte horretan argitaratu baitzen The Official Handbook of The Marvel Universe bilduma ingelesez. Jatorrizko bilduma 15 aletan plazaratu zen eta 40 urte eta gero, Paninik gaztelerara itzuli du edizio integralean. Emaitza ia 600 orrialde dauzkan ale bakar sendoa da. Ideia Jim Shooter orduko Marveleko argitalpen zuzendariarena izan zen arren, lan gehiena Mark Gruenwaldek gidatu eta koordinatu zuen, ikertzaile eta komikilari askoren laguntzarekin.
Pertsonaien fitxa bakoitzean informazio ugari dugu: izen erreala, lanbidea, lehenengo azalpena, jatorria, historia, zein taldetakoa den, deskribapen fisikoa eta botereen deskribapena, nolako armak dituen, besteak beste. Lan honek Marvel Unibertsoa ulertzen laguntzen du, pertsonaien trebetasunen eta ahalmenen zentzua eta koherentzia azaltzen duelako.
Erreferentziazko lan bat da eta bertan azaltzen den informazioa oinarrizkoa da Marveleko edozein jarraitzailerentzat, baina esan beharra dago ere, eguneratu gabe dagoela. Aipatu dugun moduan, 1983. urteko Marvel Unibertsoaren argazki bat da, eta ondoren etorritakoak ez dira jasotzen. Norbaitek Gruenwald-en lekukoa laster jaso dezan eta bigarren zatiaz gozatzeko beste berrogei urte itxaron behar ez izatea espero dugu.