"Poesiarik gabe ez nintzateke gai izango emozionalki munduan zer gertatzen ari den azaltzeko"
Matxalen Bezos Arketarekin (Barañain, 1994) aritu gara solasean Jaiotzetik erreboltari poema-liburuaz (Dakit, 2025).
Hamahiru urterekin hasi zinen olerkiak idazten, eta hamabost urte pasatxorekin igo zinen lehen aldiz oholtza gainera, Iruñeko La Hormiga Atómica liburudendan. Geroztik hainbat poesia taldetan ibili zara: Iruñeko Inverso, Hitzune, La Mesa Poética, Joxemiel Bidador Poesia taldea… Hatsaren Poesia Liburuan ere parta hartu izan duzu. Eta, azkenean, ibilbide horren ondotik heldu da zure lehen poema-liburua. Nolakoa izan da argitaratze prozesua?
Poesia talde ezberdinetan parte hartu izanak esperientzia eta ikaskuntza ematen dizkizu. Agian, beste era batera lortuko ez zenituzkeen ezagutzak zureganatzen dituzu. Eta horrek eragin handia izan du nigan. Argitaratze prozesua oso luzea izan da. 2018. urtearen hasieran etorri zitzaidan poema liburu bat osatzeko ideia, baina olerkiak idatzi ondoren, ideia horri denboratxo bat ematea pentsatu nuen, ez bainengoen arras konbentzituta. Baina pandemia garaian, argitaratzearen ideiari ekin nion berriz ere, eta Sabin Oregiri, Dakit argitaldariaren atzean dagoen pertsonari, pasatu nizkion olerkiak; Sabini gustatu egin zitzaizkion eta aurrera jarraitu genuen. 2022an argitaratzekoa zen liburua, ezin izan nuen, ordea, urte hartan aldaketa ugari gertatu baitziren nire bizitza pertsonalean. Beraz, aurtengo apirilean, neure buruari erronka jarri nion eta liburua eskuartean izan nahi nuela esan nion Sabini, eta halaxe egin dugu, maiatzaren 16an argitaratu zen eta!!!
"Aldarria beharrezkoa da iraultza bat gauzatzeko; eta aldarriaren ondotik, ekintza dator"
Izenburutik beretik adierazi nahi izan duzu non kokatzen den zure poesia, zein den zure poemen ardatza. Aldarritik ere badu asko.
Nire poesia oso lotuta dago borrokarekin; iraultzarekin, injustiziak iraultzearekin, bizitza niretzat halaxe izan baita, borroka bat. Txiki-txikitatik bizirauteko borrokatu behar izan dut, eta horrek eman dit indarra bai neure, eta bai, beste batzuen gertaerak salatzeko. Aldarria beharrezkoa da iraultza bat gauzatzeko; eta aldarriaren ondotik, ekintza dator. Manifestatzea ez da aldarri egitea soilik; saretzea eta eragitea ere bada.
Auto inmolazio intimoak poeman iraganaz askatzeko beharraz mintzo zara. Iragan horretan haurtzaroko eta gaztaroko erreferenteak aipatzen dituzu. Heldua izateko bidean geure burua birsortu behar dugu, gure aldakortasuna onartu. Haatik, zaila da iraganaren gurtzatik eta idealizaziotik askatzea. Iraganeko iraultzaren berpiztea ere aipatzen duzu beste poema batean. Nola kudea daiteke aldien arteko kontraesan hori, aldakortasunaren eta gelditasunaren artekoa?
Lehenik eta behin, nik uste dut iraganaz askatzeko iraganean egindako gauza guztien gogoeta sakon bat egin behar dugula. Ez da posible aurrera jarraitzea aurretik egindakoa berrikusi arte. Egunero birsortzen gara, aldaketak uneoro gertatzen dira, esperientzia bakoitzak ikaskuntza bat dakarkigu. Iraganaz askatzeak ez du esan nahi horri uko egin behar zaionik, dakigunetik jakin dezakegunera salto egitea baizik. Bestetik, aipatu nahiko nuke Ibai Atutxaren ikerketek balio izan didatela eguneroko bizitzan bizi ditugun aldaketa txikiez jabetzeko, bakoitzaren kezkei konponbidea bilatzeko, gustatzen ez zaizkigun gauzei aurre egiteko, eta abar. Bukatzeko, esan nahiko nuke aldakortasuna eta gelditasuna ez direla batere ideia kontrajarriak. Nire ustetan elkarri elikatzen diote; azken batean, bata bestea gabe ez dela deus.
Hutsaz, espazioaz eta heriotzaz ere ari zara zenbaitetan. “Sortu eta desegin egiten gara hautsaren modura”. Poesiak gure beldurrak jasotzeko eta haietaz hitz egiteko ere balio du, geure burua arakatzeko.
Gizarte honetan tabu diren gaiak badira. Heriotza, zalantzarik gabe, horietako bat da. Epe-luzerako aldaketek beldurra ematen digute, eta hura da jaiotzen garenetik, pairatuko dugun aldaketarik bortitzena. Denok hilko gara, ez dakigu noiz, hala ere, txikitatik badakigu patua heriotza izanen dela, eta horri ez zaio muzin egin behar, onartu eta horretaz hitz egin baizik.
Emakumeak eta gorputzak ere dakarzkizu liburura. Erditze-taupadak poeman diozu erditzear dagoen emakume baten sabeleko burrunba ere senti dezakezula. Enpatia eta ahalduntzea azpimarratu nahi dituzu, izaki berri baten metafora. Era berean, Nerabe baten konfesioa poeman maitasunaz eta adinaz mintzo zara, gizartearen konbentzioez eta zure beldurrez.
Sentsibilitate handiko pertsona naizela uste dut, amatasuna bezalako gaiak maiz izaten ditut presente. Gainera, puri-purian dagoen gaia da, era berean, emakumeen ahalduntzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Nire uste apalean bakoitzaren nortasuna ez genuke genitalen arabera baloratu behar. Norberak erabakitzen du zer den edo zer izan nahi duen, bizitza bakarra dugu eta ahal den heinean, disfrutatzen jakin beharko genuke inori kalterik egin barik.
"Paradoxa bat iruditzen zait, baina globalizatutako mundu honetan gero eta indibidualistago bihurtu gara"
Eduki politikoagoko poemak ere badira: kartzela, errefuxiatuak, euskararen aldeko borroka… Aldarriarekin batera, utopia eta etsipenaren arteko nahasketa moduko bat nabari da hainbat poematan. Nolakoa ikusten duzu etorkizuna?
Etorkizuna ilun ikusten dudan arren, esperantza ere badut, eta, horrek, ematen dit indarra borrokatzen jarraitzeko. Azpimarratu nahiko nuke, poesia sozialaren ardatza aldarrikapena eta ekintza direla eta munduan gertatzen diren ezbeharrek eragin zuzena dutela gizartean. Bestetik, euskararen normalizaziorako egin beharreko pausuak ez dira betetzen ari. Justu kontrakoa, epaitegietan geure hizkuntza gutxietsi egiten da, administrazioak hizkuntz eskubideak urratzen ditu uneoro, eta inpunitate osoa dute hori egiten dutenek. Gizarteak hori ikusten badu, nola ez dute bada, euskara baztertuko? Euskara ez da titulu bat, euskara ez da paper huts bat; euskara, bizimodu bat, komunitate bat da eta hori galtzen ari gara. Paradoxa bat iruditzen zait, baina globalizatutako mundu honetan gero eta indibidualistago bihurtu gara.
Sasi-mundua poemaren amaieran honela diozu: “Guk geuk soilik salbatu dezakegu sortu dugun mundu injustu eta higuingarri hau”. Eta hor sortzen da paradoxa: hain zuzen ere, guk geuk sortu dugula mundu injustu eta higuingarri hori. Baina nor gara gu geu? Geu ez den hori, beste hori, ze aldetan geratzen da? Zerk egiten gaitu “geu”?
“Geu”-ri buruz hitz egiten dudanean, esan nahi dudana da gizarte amankomun baten parte garela, eta horrela den aldetik, elkarrekin erabaki beharko genukeela nora jo, zer egin eta nola. Geu gara mundu honen jabe eta zaindari, denona da; beraz, denok egin behar dugu ahalegina ezbehar guztiei aurre egiteko; betiere, elkarrekin.
Hariak, sustraiak eta haziak ere erabiltzen duzu irudi sinboliko gisa. Erro sendoen beharra azpimarratze aldera, mundu gris eta beltz honi aurre egiteko.
Erroak oso garrantzitsuak dira herri bat sortzeko, eta nik “herria” antolaturik eta elkarturik nahi dut. Geure arteko loturak sortzea beharrezkoa da herria eraikitzeko, herri bat ez baita herri, herritarren auzolanik barik.
Korrika egin edo hil poeman garbi duzu ezin garela geldi gelditu, ihes egitea dela azkenekoa. Ekintza garaia dela, borrokatu beharra dagoela.
Ihes egitea ez da inoiz aukera bat izan, niretzat; aurrera egin nahi baldin badugu, ezin gara esku hutsik gelditu, borrokatzen eta salatzen jarraitu behar dugu, nire ustetan behintzat, hala izan beharko luke.
"Poesia erabiltzen dut aldarrikapen oihu gisa, bozgorailu indartsu bat baita poesia"
“Hitz unerik gabe / Ez legoke hizkuntzarik”, diozu poemetako batean. Beste batean, berriz, poesia hitzen etika dela. Poesiarik gabe, zer ez legoke? Zer galduko genuke?
Geure hizkuntza ez da apalategian utzi beharreko zerbait; erabiltzeko, akatsak egiteko, eta batez ere komunikatzeko da. Erabilerak behera egin du, eta herri batzuetan hasi gara saretzen eta ekintza ezberdinak gauzatzen hizkuntza bermatze aldera. Nire kasuan, poesia erabiltzen dut aldarrikapen oihu gisa, bozgorailu indartsu bat baita poesia. Nire aburuz, poesiarik gabe ez nintzateke gai izango emozionalki munduan zer gertatzen ari den azaltzeko; bestalde, idazketaren sormenaren esentzia eta hausnarketarako oso baliagarria izan daitekeen esparru bat galduko genuke.