Memoria pertsonalak liburutegian
Gure memoria indibidual guztiak batzen dituen memoria kolektiboa
Memoria pertsonalak liburutegian
Idazleak, pentsalariak, aktoreak, musikariak, enpresariak, politikariak, erlijiosoak... Pertsonaia publikoak, garrantzi gutxi-asko handikoak, herritarren eta ikertzaileen interesa pizten dutenak. Gehiago jakin nahi dugulako. Non ikasi zuten, norekin partekatzen zuten aisialdia, norekin kolaboratzen zuten beren proiektuetan, nolakoa zen familia, zertan inspiratzen ziren, nola sortzen zuten.. jakin nahi dugu. Pertsonaia publikoaz haratago joan nahi dugu eta bere benetako historia ezagutu.
Gure memoria indibidual guztien baturaren baliokidea den memoria kolektiboa Pertsonaia horiek ezagutzeak eta ulertzeak garai oso bat ulertzen laguntzen du. Horregatik saiatzen dira liburutegiak, artxiboak eta memoriaren beste erakunde batzuk funts horiek identifikatzen, biltzen, kontserbatzen eta ezagutarazten. Bertan, liburutegi pertsonalez gain argitaratu gabeko eskuizkribuak, familiako argazkiak, egunkariak, korrespondentzia eta bestelako dokumentuak aurki daitezke. Hain zuzen ere, alderdi intimo eta pribatu horretan dago pertsona horien baliorik handiena. Irudi izoztuak jasotzen duena baino askoz gehiago transmititzen diguten argazki familiarretan. Urteetan zehar lagunekin, familiakoekin, lankideekin, maitaleekin... trukatu zituzten gutunetan. Hor dago pertsona horien egiazkoena, haien intimitatea.
Koldo Mitxelena Liburutegiak, era honetako funtsen balio historikoaz jabeturik, kulturaren hainbat arlotako erreferentziazko pertsonen artxiboak gordetzen ditu.
Oso interesgarriak dira, esate baterako, Gabriel Celayak Vicente Aleixandrerekin, Joan Fusterrekin edo Gloria Fuertesekin trukatu zituen gutunak edo Koldo Mitxelenak Isaac Lopez Mendizabal, Plazido Mujika edo Jon Bilbaori bidalitakoak. Bereziak (eta bakarrak) dira ere Ayaldek, Aita Donostia, José de Arteche edo Jesús Guridiri egindako erretratuak, edo Mitxelena, Celaya edo Zavalaren lan dokumentuak, zirriborroak eta eskuizkribuak.
Memoria konektatuz
Hala ere, gure memoria ez da pertsona garrantzitsuen memoriarekin bakarrik eraikitzen, gutako bakoitzaren memoria indibidualarekin ere eraikitzen da. Horregatik, funtsezkoa da une eta testuinguru baten historia osatzen eta aberasten duten artxibo familiar eta pertsonalen balioa nabarmentzea. Ildo horretan sortu zen GureGipuzkoa proiektua. Bertan, herritar anonimoek Jesus Elosegui, Indalecio Ojanguren edo Sigfrigo Koch argazkilarien irudiekin bat egiten duten argazkiak partekatzen dituzte.
Hainbat artxibo eta funts pertsonal konektatzea, pertsonak, ideiak, begiradak, ikuspuntuak... konektatzea da. Dokumentu-funts horiek konektatzeak, gainera, istorio berriak ezagutzeko eta narratiba berriak egiteko aukera ematen digu.