Mendekotasuna ardatz, III. Energia Jardunaldietan
Urriaren 21ean, 22an eta 23an, III. Energia Jardunaldiak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako KOLDO MITXELENA Kulturunean,Mendekoa izaten jarraitu nahi duzu? izenburupean. Ardatza, beraz, garbia da: energia mendekotasuna. Gipuzkoak energia mendekotasun handia du. Izan ere, gipuzkoarrok kontsumitzen dugun energiaren % 94 kanpoan sortutakoa da. Prezioen gorabeherek, egoera ekonomikoak edo politikoak, enpresa handien interesek… eragin zuzena izan dezakete, beraz, guregan. Gai horretan sakondu nahi dute jardunaldi hauek, eta era berean, alternatibak jarri nahi dira mahai gainean.
Lau saio antolatu dira, guztira: bat goizez eta hiru, arratsaldez. Astelehen arratsaldean, Oligopoly 2: El imperio eléctrico contra todos filma proiektatuko da. Energia arloko enpresa handiek bestelako eredu bat sustatzea nola oztopatzen duten kontatzen du dokumentalak. Ondoren, Cote Romero ‘Plataforma por un Nuevo Modelo Energético’ erakundeko koordinatzailearekin hitz egiteko aukera izango da.
Ondorengo egunean, Gipuzkoako pobrezia energetikoari buruzko txostena aurkeztuko da eta horrez gain, etxean energia aurrezteko zenbait aholku emango dituzte bi adituk.