'Metamorfosis bl' manga komikia
Metamorfosis Bl. Norma, 2021
Metamorphes no Enogawa. Kadokawa Shoten, 2018
Kaori Tsurutani
5 aleko bilduma
Komiki bilduma hau manga estilokoa da eta kostunbrista gisa ere sailkatu daiteke. Bertan pertsonek orohar duten sozializatzeko premiari buruz eta komunitatean ulertuak eta onartuak izateko dugun beharraz hitz egiten da, baina hitz potolo hauek aipatu ere egin gabe. Ichinoi, 75 urteko emakumea, alargundu berri, bere bakardadean dagoelarik, berriro bizi eta aktibo sentitzeko indarra topatzen du, ezustean manga komiki bat irakurtzen hasten denean. Urara, berriz, ikasle gaztea da, ordu batzuk liburu denda batean lanean ere pasatzen dituena. Urara gainera, ez da oso pertsona irekia eta are gehiago, ez da eroso sentitzen ez etxean, ezta institutuan ezta lagun artean ere…
Bi protagonista hauek, ia antagonikoak direnak, lotzen ditu Kaori Tsurutani manga egileak modu zoli eta sinple bezain sarkorrean, bihozberatasun bereziarekin. Bien artean ezusteko laguntasun natural eta jatorra sortuko dute honela. Marrazkia oso soila bada ere, ez da ximur bakar bat ere falta Ichinoiren aurpegian. Gidoiari dagokionez berriz, mezu idatziak, onomatopeiak eta elkarrizketak oso ondo uztartuta daude istorioan zehar, eta berehala lortzen du Kaori egileak irakurlea istorioan barneratzea. Komikiak duen sakontasuna agerian geratzen da homosexualitatea, laguntasuna, estigmak edo aurreiritziei buruz zuzenean hitz egin gabe.
Bildumako lehen alean, Ichinoi emakume adindua, pertsona irekia eta jatorra, aspaldiko ohitura bati jarraituz liburu denda batean sartu eta ezustean manga ale baten azala gustatu zaiolako erosi eta irakurtzen hasiko da. Liburu saltzaileak zur eta lur geratuko dira aukeratu duen manga yaoi estilokoa delako. Eta saltzaileetako bat da Urara, arduratuta geratuko da eta gerora hortik sortuko da bien arteko laguntasun berria.
Ichinoiren “tenía muchas ganas de hablar de manga con alguien” esaldiak bide ematen die naturalki orain artean Urarak ezkutuan bizi izan duen bere zaletasuna aireratzeko. Nork ez du inoiz aldizkari, komiki edo irakurketarik ezkutatu etxean, inork ikusi ez dezan?