Mikel Laboaren unibertsoa gertutik
Euskal Herriko Unibertsitateak sortu berri du Mikel Laboa katedra; katedra honen hastapenetan euskal estetikari ate bat zabaltzeko asmoa nagusitzen den heinean, ekimen-kate bat egituratu da euskal artisten ekarpenak jaso eta ezagutzera emateko.
Katedra honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du hurrengo hiru urteetan egitarau bat bideratzeko eta, beka eta diru-laguntza zenbait argitaratu ondoren, hasiera emango dioten ekintzak hartuko ditu KOLDO MITXELENA Kulturuneak.
Lehen ekintza Mikel Laboaren irudi artistikoa aurkeztea izango da, harekin gertutik lan egin zutenen lekukotza bidez. Artistaren erretratua eskaini nahi da, haren ibilbidean lankide eta lagun izan zirenen hitzak, musika eta irudiak plazara ekarriaz.
Horretarako bi jarduera antolatu dira. Batetik, Mikel Laboa Katedraren I. jardunaldiak, ‘Mikel Laboa gertutik: lekukoen txanda’ izenburupean. Bestetik, Koldo Mitxelenako Ganbaran jarriko den musika instalazio bat.
Mikel Laboa gertutik
Jardunaldiak urriaren 18etik 17ra ospatuko dira, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Areto Nagusian Laboaren izanak marraztu duen ibilbide estetiko berritzailea argitara emateko asmoz.
Hiru alor marraztuko dira, Mikel Laboaren ekimen artistikoa abiapuntu gisa hartuta. Haren artearekiko konpromisoa hainbat kidek partekatu zuten, eta euskal kultura berpiztu bati estetika gaurkotu bat eskaini. Folkloreari eta euskal tradizioari buruzko begirada gaurkotu bat dago artista hauen erro estetikoetan.
Bestalde, Laboak poesia-aukeraketa zaindu bat ezagutarazten du bere kantuekin batera. Garaiko hainbat poetaren hitzak eskaini dizkio publiko zabal bati, eta herrikoi bilakatu ditu, askoren memorian iltzatuz. Belaunaldien eta hizkuntzaren mugak gainditu ditu hainbat kanturekin, eta gure egungo kulturaren ezaugarri berezi bat bilakatu da.
Poemez gainera, musikaren eta ikuskizunaren kontzeptu propio bat garatzen du Mikel Laboak bere ibilbidean. Eszenatokian, musikaren eta ahotsaren adierazpenaren mugan dagoen bide berezi bat esperimentatu du. Hitzen aurreko espresioarekin du zer ikusia bide horrek, sentsazio eta emozioen adierazpenarekin, ikuspuntu estetiko batekin. Esan ezin diren gauzak adierazi ditu artistak, bere ahotsaren bidez eta musikarekin batera sortzen duen espazio eszenikoan.
Ideia honen inguruan arituko dira artista eta aztertzaile batzuk ondorengo egunotan.
Urriaren 15ean
16:30etan Jardunaldien hasiera
17:00etan Bernardo Atxaga
18:30 Anari kantari eta Ruper Ordorika hizketan eta kantari. A capella eta gitarra akustikoa.
Urriaren 16an
16:00etan Lourdes Otaegiren solasaldia
16:30etan Juan Gorostidiren solasaldia
17:30etan Arantza Iturbe eta Marixol Bastida elkarrizketan
18:30etan Xabier Montoia hizketan eta kantari
Urriaren 17an
16:00etan Denis Laborde hizketan
17:30etan Koldobika Jauregi, Josetxo Silguero eta Iñaki Salvador, hizketan eta musika eginez
Musika instalazioa
Egitarauaren zati garrantzitsu bat Laboaren musika entzuteari eskaintzen zaio. Espazio propio bat sortu da horretarako KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran, urriaren 15etik azaroaren 26ra bitartean ikusi ahal izango dena.
Musika instalazio honetan, bere ibilbidean jorratu zuen esperimentazio estetikoa azpimarratu nahi da. Bere ahotsaz baliatu zen unibertso propioaren adierazpena azaltzeko, jolas fonetiko aberats baten bidez. Umorea eta ironia tartekatzen ziren bizitzaren garraztasuna eta edertasunaren adierazpenarekin batera, etenik gabeko joko batean.
Esperimentazioaren kontzeptuari lotuta, Laboaren ahotsaz gozatzeko aukera desberdinak eskainiko dira instalazioan: esperientzia plastikoak, bere lagun eta lankideak sortu zituen diskoen portadak inguratuko dute espazioa, esperientzia berriei lekua eginez.