Montauk-Martutene
1974. urtean, 63 urte zituenean, Max Frisch idazle suitzarrak asteburu bat pasa zuen gazte batekin Montauken (Long Island). Urte bat beranduago Montauk argitaratu zuen, nobela autobiografikoa, non estilo hotz baina zintzo eta hunkigarri batekin Frischek disekzionatzen baitzituen bere bizitzan zehar izandako harreman sentimentalak, eta hausnarketa sakona egiten zuen emakumeak ulertzeko egindako saiakera frustratuen inguruan, gaiak beti nahigabez eta atsekabez bete baitzuen.
2012. urtean Ramon Saizarbitoriak Martutene argitaratu du. Jon Kortazarrek idatzi duenez, Montauk nobelak Martutenen pertsonaia baten kategoria hartzen du. Montauken Max Frisch Lynn gaztearekin bizitutako esperientziarekin hasten zen; Martutene, berriz, maitemintzeaz ari zaigu, sexu-grinaz, gizon eta emakumeen arteko harremanez, eta, hemen ere, gizonezko heldu bat ageri da, eta beste Lynn gazte bat iristean, haren bizitza asaldatua geratzen da –gainontzeko pertsonaiena bezala.
Baina Saizarbitoriak Montauk nobelarengatik duen interesa argumentutik harago doa. Idazleak esan du: Montauk irakurri nuenean geratu zitzaidan aldartearekin jarraitu nahi nuen. Montauk Martuteneren zati bat da, bertako pertsonaiek nobela irakurri dute, eta beren bizitzan barneratuta dituzte egoera horiek. Hori da nobela baten alderdirik onena, beste errealitate bat gehiago bizitzen uzten digula, alegia.
Eta beste errealitate bat bizitzeaz ari garela, hona hemen aukera ederra. KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegian honako nobelak zure eskura, goza ditzazun: Martutene (Erein 2012), Montauk (2006an Laetolik editatua eta Fernando Aramburuk itzulia) eta Frischen eta Saizarbitoriaren gainontzeko lanak.
|
|