Montserrat Soto: ataritik ortzimugara
2004/2/19 - 2004/4/30
Komisarioa: Ana Salaverría
Artistak: Montserrat Soto
Testuak: Aurora García García, George Stolz
Muntaia: Artdefacto, Láser AV
Prentsa oharra:
Areto honetan banakako erakusketak egiten direnean ohikoa izaten da hautatutako artistei gonbita bidaltzea Koldo Mitxelena gunerako propio pentsatutako proiektu bat egin dezaten, lan berriekin nahiz lehendik sortutako beste batzuekin.
Montserrat Sotoren erakusketa egiteko ere berdin jokatu dugu: 2000tik 2003ra bitartean egindako argazki eta bideo lan hautatuez osatuta dago, ataritik ortzimugara izenaren pean bilduta.
Artistak berak dioenez, “paisaiaren esperientzia enpirikoari lotuta dago erakusketa”. Berak egindako bidaia askoren emaitza da, baina bidaia honela ulertuta: gizakiak bizi diren tokietan barrena egindako ibilaldi modura.
Noraezeko ibiltze horretan, elementu eta fenomeno naturalak topatzen ditugu: lurra, itsasoa, eta haizea. Hala ere, horietatik harria nabarmentzen da, etengabeko elementu gisara.
Harria, alde batetik, erlijioen eta elezaharren ikur gisa, gure historiaren eta denbora joanaren aztarna gisa, eta beste aldetik, elementu babesle eta estaltzaile gisa, baita hesitzaile eta mugatzaile gisa ere.
Halako kontzeptuak azaltzen dira erakusketan barrena.Hala, Izenik gabe. Hiriko arkuak argazkietan, Izenik gabe. Hiri suntsitua bideoan, eta Izenik gabe. Chinguetti argazki sailean suntsiketa ageri duten hiriak erakusten dizkigu, gizakiaren eskuak nahiz naturaren indarrak eragindako suntsiketa, alegia. Bestalde, Izenik gabe. Arkuak eta harrizko horma argazkian hesi helezin gisa topatzen dugu harria, edota hondamendi eta bakardadeko paisaia baten muga gisa honako hauetan: Izenik gabe. Arkua eta harrizko paisaia, Izenik gabe. Basamortu horia, eta Izenik gabe. Basamortu beltza. Babes eta hesi ideia horri dagokionez bestela taxututa dagoen ale bat da Izenik gabe. Uraren barrualdea argazki saila. Hor irudiak uraren barrualdetik agertzen dira, leku batera heldu nahian, kasu honetan Fuerteventurara. Harria uharte utopiko gisa taxututa dago.
Garrantzizkoa da azpimarratzea, erakustaldia osatzen duten irudi guztietan ikuslea beti dagoela beste aldean, atarian babestuta. Hala, Izenik gabe. Itsasora ematen duten leihoak bideoak kokatzen gaituen gunean kanpoaldea uharte mortuen artean mugitzen da (Aland uharteak, Finlandia), edota Izenik gabe. Haizea bideoetan, berriz, ikuslea barrualdean kokatuta dago, haize erauntsi baten erasopean babestuta, bakartuta eta mugitu ezinda. Ikuslea babestearen ezaugarri hori erakusketa guztian barrena topatzen dugu.“Ataritik ortzimugara gizakiaren tokietan barrena egindako ibilaldi bat da, ataritik egindako hausnarketa bat, kanpoaldeaz, mugaz eta bakardadeaz mintzo dena” Montserrat Sotoren hitzetan.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04