‘Mosaico Italiano 3’ zikloari amaiera emango diogu Ennio Morricone maisuari omenaldia eginez
Ekainaren 23an 18:30etan izango da azken saioa KMK - Ekitaldi Aretoan, Santa Teresa Komentuan
‘Mosaico Italiano 3’ zikloari amaiera emango diogu Ennio Morricone maisuari omenaldia eginez
Agur esateko ordua iritsi da. Mosaico Italiano 3 zinema-zikloari agur esango diogu. Tria Cadenza Taldeak musika-kontzertu/omenaldi bat eskainiko dio Ennio Morricone konpositoreari eta ItaliaTxiki elkarteak antolatutako aperitibo bate ere egongo da ekitaldian. Gogoratu, ekainaren 19tik aurrera, KMKren ekitaldiak, espazio berri honetan ospatuko direla.
Esther Castiñeira sopranoa, Amaia Nieto mezzoa, Erik Carrero tenorea eta Ibon Sanz pianojolea izango ditugu gure artean. Atzera begiratzen badugu, hilabeteetan zehar ziklo honetan ikusi ahal izan ditugun lan guztiak hurrengoak izan dira:
- 2022ko urria: Comizi d´amore
- 2022ko azaroa: La ragazza con la pistola
- 2023ko urtarrila: Bella e perduta
- 2023ko otsaila: A ciambra
- 2023ko martxoa: Le Quattro Volte
- 2023ko apirila: L’ora di religione, il sorriso di mia madre
- 2023ko maiatza: Pinocchio
Mosaiko italiarrak aurreko edizioen hariari heldu dio berriro, zazpi filmeko ziklo batekin. Horietako bat Italian oso ezaguna eta maitatua den literatura lan bati lotuta: Andrea Collodiren Le avventure di Pinocchio. Pasoliniri omenaldia eginez ireki zen zikloa. Urrian, Pasoliniren beraren dokumental bat ikusi ahal izan genuen, 60ko hamarkadan grabatua. Pasoliniren ondoren, ezin genuen urtea itxi Italiako zinemaren alde hainbeste egin zuen emakumezko aktore hil berri batetan erreparatu gabe: hau da, Monica Vitti, hamarkada luzetan aurpegi enblematikoenetako bat izan dena. Gainerako lan zinematografikoak garaikideagoak izan dira, eta hari narratibo eta bisual jakin bati jarraitu diote; haietan, naturan erro sakonak dituen ikuspegi poetikoa errealitatearekin eta gizarte arazoekin hartu-emanean eta kontrajarrian ageri zaigu.