Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren lehen edizioa Donostian izango da 2017ko azaroan, abenduan, eta 2018ko urtarrilan da. Bienalak Arkitekturaren inguruko topaleku bat sortu nahi du non akademikoak, profesionalak, unibertsitate-ikasleak eta herritarrak orokorrean parte ahal izango duten. Hori du helburua. Oraingo Arkitekturaren egoera eta Arkitektoak horren barruan izan beharreko zereginari buruzko hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi ditu; batak zein besteak, diziplina zein profesionalek, egun aurrez aurre dituzten bidegurutzeak eta erronkak mahai gainean jarrita. Bienal bakoitzak lanerako eta hausnarketarako gai nagusi bat edo gehiago izango dituen arren, denek izen generiko bera izan dezatela nahi dugu:
Mugak / Boundaries / Fronteras / Frontières
Abenduaren 9 arte Koldo Mitxelena Kulturuneko Erakustaretoan lau erakusketa hauek edukiko duzue ikusgai: "envejezando, Diseinua, guztiontzat: Arkitektura eta gizartearen zehartzea", Paz Martínek egindakoa; "Gipuzkoa brut" ; "2016 EHAEO Sariak", eta "Ondare Fabrika".
envejeZANDO. Diseinua, guztiontzat: Arkitektura eta gizartearen zahartzea. Paz Martín
Badirudi giza bizitzaren zenbait alderdi – zahartzaroa, gaixotasuna, gainbehera – espazio fisiko jakin batzuei lotuta daudela eta espazio horiek gure eguneroko bizitzan baliatzen dugun espaziotik bereizita daudela. Arkitektura, giza harremanak espazioan eta denboran antolatzeko bitarteko gisa, ortodoxia indartsu baten mende dago, zenbait funtzio non eta nola kokatu erabakitzeari dagokionez.
Proposamen honen xedea da zahartzaroaren errealitatea ezagutaraztea eta esperimentaraztea, modu garaikidean eta propositiboan. Horren bidez lortu nahi dena da bisitariak ulertzea zein diren Arkitekturaren berezko balioak, behar errealetarako irtenbideen sortzaile gisa, eta, horrez gain, kontaktuan jartzea talde orain arte ikusezin baten berezitasunarekin, adina errespetatzeak gure orainaren parte izan behar duela ulertzeko. Paz Martínen erakusketa lau ardatzetan antolatua dago, eta, horien bidez, zahartzaroa bera zer den aztertzen da, bai eta zer erlazio dituen ere hiriarekin (“urbanizANDO”), etxebizitzarekin (“habitANDO”) eta aisiarekin (“disfrutANDO”). Erakusketak denbora bidaia bat proposatzen dio bisitariari, eta hark aurre egin beharko dio denboraren joanaren ezinbestekotasunari; bidaiaren bukaeran, zer mundutan bizi nahi duen erabaki beharko du. Jende guztiarentzako moduan azaltzen dira zahartzaroaren atzean dauden jarduera eta arazo arkitektonikoak, bai eta erronka horri aurre egiteko irtenbideak zein izan daitezkeen ere.
Paz Martinekin bisita gidatua: azaroak 8, 18.00tik 19.30ra. Aldez aurretik izen-ematea beharrezkoa da: http://etxelagunkoia.eus/envejezando. Informazio gehiago: Etxe Lagunkoia. Antolatzaileak: Donostiako Udala-Donostia Lagunkoia eta Matia Fundazioa
Gipuzkoa brut
“Gipuzkoa brut" erakusketan ikusgai dauden eraikin brutalisten argazki, plano eta testuen atzean ezkutatzen dena da biluztasuna eta apaingarri falta forma abstraktuen irmotasuna agertzeko. Mugimendu arkitektoniko horrek, XX. mendearen erdialdean, garrantzi handia eman zion hormigoiari.
EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko 60 ikaslek landu dute gai hori, brutalismoak Gipuzkoan utzi zuen aztarna aintzakotzat hartzeko.
Antolatzailea: ETSA-EHU
Argazkia: Facebook Gipuzkoa brut
2016 EHAEO Sariak
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Sariak 1989an sortu ziren, Arkitektura obrak eta lurraldeko arkitektoen jarduera profesionalarekin lotutako lanak balioan jartzeko. Dagoeneko 12 edizio egin dira, eta horietan zehar, hiru hamarkadatan egikaritutako adibiderik onenak bildu dira, kalitate bikainekoak guztiak ere. Askotariko programak, eskalak eta aurrekontuak ere bildu dira, arkitektoen ahaleginaren eta gaitasunaren fruitu, bai eta proiektugilearen, eraikitzailearen eta bezeroaren arteko ezinbesteko ulermenaren fruitu ere. Sari hauek publikoki aitortzen dituzte obra jakin batzuk, horretarako propio sortutako epaimahai baten epaian oinarrituz. Era berean, arkitekturari buruzko iritzi truke eta eztabaida egoera bat sustatu nahi dute talde profesional honetan, eta gizartearen aurrean arkitektoen lana zabaldu, arkitektoek baliabideen erabilera optimoa egiteko eta irtenbide berritzaileen bilaketa gauzatzeko konpromisoa baitute.
MUGAK izeneko I. Arkitektura Bienal honetan, 2016ko EHAEO Sarietako 10 ariketa onenak egongo dira ikusgai. Berriki egindako edizioan, ostatu emateko sei etxebizitza, bi etxebizitza familiabakar eta irisgarritasuna hobetzeko proiektu bat saritu dituzte, guzti-guztiak gure erdigune historikoetakoak. Arte galeria bat, gure etorkizuneko musikarien goi mailako musika ikastetxea eta eraikin industrial baten berritze lana, hiri ekonomia eta tokiko gizarte garapena bultzatzeko. Gizarte baratzeetarako lanabes etxolen alboko oinezkoentzako pasabide bat, denda bat, hortz klinika bat eta beste hogeitaka proiektu.
Antolatzailea: COAVN. Argazkia: Juan Herreros, Jens Richter, Germán Hurtado
Ondare Fabrika
Posible al da arkitektura garaikidea gauzatu eta, aldi berean, gaurko teknika eta balioak kontutan hartuta, babestutako ondarea errespetatzea?
Ondare fabrika UPV/EHUn eta Koldo Mitxelenan ikusigai izango den erakusketa da. Bordeleko Port de la Luneren kasua -2007an UNESCOren babesa lortu zuen- aztertzen duen esposizioa da. Erakusketa 2015-16 urteetan antolatua izan zen. Antolatzaileak l´école nationale supérieure dárchitecture et de paysage de Burdeaux (ensapBx) eta Bordeaux Patrimoine Mondial, Centre d´interprétation de lárchitecture et du patrimoine (CIAP) de Bordeaux izan ziren. 2016ko ekainaren 3an Bordeleko CIAPen aurkeztu zen, eta 2017ko urtarrilak 8rarte iraun zuen. Arkitektura garaikidea nola pentsatu, ondarearen egiazkotasuna kaltetu gabe, erakusketaren helburua da.
Antolatzailea: ensapBX / Bordeaux Patrimoine Mondial /ETSA –EHU