'Mugako dragoiak' komikia eta aurkezpena

Mugako dragoiak
Gregorio Muro Harriet, Iván Gil eta Garluk Aguirre
Harriet argitaletxea, 2021
Harriet argitaletxeak urtero kaleratzen ditu hainbat komiki, tartean batzuk kanpoko merkatuetan sona handia lortzen dutenak eta baita bertako egileekin burututako komikiak ere. Gainera argitaletxe honen erronka esanguratsuenetakoa, komikia argitaratzeaz gaindi, zera da, bi hizkuntzetan ateratzen dituela komikiak, euskaraz nahiz gazteleraz.
Aurten kaleratuko dituen aleen artean ‘Mugako dragoiak’ komikiaren aurkezpena egingo du Harriet argitaletxeak Koldo Mitxelenan eta egileen parte hartzearekin. Bertan izango dira gidoilaria, Gregorio Muro Harriet, marrazkilaria, Iván Gil eta kolorearen arduradun, Garluk Aguirre.
Honelaxe aurkeztu dute argitaletxearen hitzetan dragoiei buruzko komiki berria:
1778. Jornada del Muerto, Tierra Adentro erregebidea, Mexiko Berria.
Larrudun Dragoiak kidegoko kadete gaztea da Migel. Espetxe-zalditeria espainiarra dira dragoiak eta Espainia Berriko iparraldeko muga beroan bakea zaintzeaz arduratzen dira. Kadetea Santa Fe aldera doa destakamenduarekin batera, kolonizatzailez eta aberez osatutako konboi bati eskolta emanez. Baina apatxeek konboia erasotzen dutenean eta Sor Madeleine ursulatar moja gaztea bahitzen dutenean, Migel haien atzetik abiatuko da eta abentura arriskuz betetakoari hasiera emango dio. Indigenen atzetik, gure kadetea komantxeriaren bihotz-bihotzera sartuko da eta, han, Mexiko Berriko gobernadorea den Juan Bautista de Anza teniente koronelaren espedizioarekin batera, Tavibo Narigant –Adar Berde, espainiarren izenez–, komantxeen buruzagi suharrari aurre egin beharko dio.
Finean, istorio-historia hau western bat dugu. Generoaren kodeak errespetatzen ditu baina, aldi berean, arnasa eta ikuspegi berri bat eskaintzen dizkigu, eta, are, unibertso orain arte ezezagun bat erakusten digu AEBetako Mendebaldeko toki mitikoetatik barrena.
Komikiaren aurkezpena Koldo Mitxelena Kulturneko Liburutegiko aretoan burutuko da azaroaren 18an goizeko 11:30tan.
Bertan parte hartuko dute Gregorio Muro Harriet (gidoilaria), Iván Gil (marrazkilaria), Garluk Aguirre (kolorista) eta David Zapirain (aurkezlea).