Nekazaritza hasi zen
Sortu berria den "Miguel de Aranburu" Gipuzkoako historiarlari Elkarteak "Gipuzkoako Historiaren aurpegi berriak" izena duen hitzaldi sorta aurkezten du.
Utero ospatuko den hitzaldi sorta honen helburua ikerketa historikoaren plazaratzea da, hau da, publiko orokorrari aukera eman maila akademikoan egiten diren ikerketa historikoak ezagutzeko.
Hitzaldi hauetako lehena, "Nekazaritzaren hastapenak Gipuzkoan" izena duena, Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko irakasle titularra den Lydia Zapatak emango du.
Gipuzkoako nekazaritzaren hastapenak laburbilduko dira hitzaldi honetan mendebaldeko Europako testuinguruan. Orain dela gutxi arte gai honi buruzko datuak oso mugatuak izan dira. Azken bi hamarkadetan ikerketa arkeologikoari esker informazio berria daukagu. Honen arabera Euskal Herriko kostaldean zereal nekazaritza K.a. 5. milurtekotik gutxienez existitu zen. Neolito Aroan garagarra eta gari mota desberdinak dira aurkitutako zerealak. Brontze Aroan artatxikiak ere ereiten ziren eta Burdin Aroko Intxur aztarnategian espelta garia. Beraz, konplexua eta anitza den nekazaritza garatu da Gipuzkoan historiaurretik. Laborantza hauen kronologia eta erabilpenak laburtuko ditugu, gizartearengan eta landare paisaiarengan izan zuten eragina kontuan izanik.
Lehenengo hitzaldi hau datorren asteazkenean, hilaren 25ean izango da, arratsaldeko 7:30etan.