Nestor Basterretxea
LEHEN OROIMENAREN PISUA
Xabier Saenz de Gorbea
Nestor Basterretxeak nahi zuen erakusketa da. Ia ez zuen inolako objekziorik jarri egin zitzaion proposamenari. Ez zuen azalpen gehiegiren beharrik ere. Baina bai berrikuntzaren bat sartu, erakusketaren aberasgarri gertatu zena. Idurmendieta baserrian gordeta zegoen obraren hautaketa bat egiteko asmoa nuen, haren jardueraren parte handi baten adierazgarri izan zedin. Baina azken urteotako erakusketen desberdina izan behar zuen, hala Balmasedako Txapelen Museoan nola Bilboko Arte Ederren Museoan egindakoen desberdina. Oraingoan, gunea hainbat salatan banaturik dago. Haren obsesioak ezin kanpoan utzi eta berritasunak azaldu behar. Barneko kontuak, gutxiago trataturiko alderdi batzuk eszenaratu behar dira, eta aurrenik egindakoaren eta egiten ari zenaren azken balantzea azaldu behar. Kontua da, orobat, haren filmak aurkeztea eta gaikako ikus-entzunezkoak erabiltzea. Baina, batez ere, autorearen beraren pentsamendua aditzea ere, gune osoan hartarako jarritako testuak direla bide.
Diziplina anitzeko artista genuen bermeotarra, fronte eta estimulu guztiz desberdinei erantzuten dien errenazentista bat. Dena interesatzen zitzaion eta edozein gauza deigarri gertatzen zitzaion. Dela tokikoa dela unibertsala izan, iraganekoa edo oraingoa.
Bere jarduera frenetikoa izan da, eta azken arnaseraino gauzatua. Berealdiko lana, emankorra eta askotariko jarrerak eta arte adierazpide desberdinenak biltzen dituena. Alabaina, ohiko eskultore bat, bere sormenezko diziplina garatzen duena eta adierazpen ahalbide eta ahalbide material desberdinetara eramaten duena, baino askoz gehiago da Basterretxea. Mugarik gabeko jakin-mina duen erabateko artista bat da. Nestor bat hanpatuaren marrazkilaria, margolaria eta kartelgilea, baina baita apaltasunarena eta iraupen gutxikoarena ere. Beste bat, altzari funtzional eta adierazkorren diseinatzailea. Basterretxea zinemagileak narrazioa, denboraren erritmoa eta laukiratzea lantzen ditu emozio eta sentimendu guztiz gordeak azaleratzen dituzten sekuentziak uztartzeko. Arkitektoa ere bada, eta oinarri arrazionalistetatik datozen eraikuntzak fatxada berrien imajinarioraino iristen dira. Eta era berean idazlea ere bada, bere historiari pultsua hartzen dion sortzaile osoa. Baina haren nortasunetik gizarte eta kultura bizitzaren osotasunarekiko eskuzabaltasuna nabarmendu beharra dago gehienbat. Haren portaera etiko erantzulea eta artearekiko konpromiso izugarria direla eta, sari asko merezi izan du, eta Euskal Herriko sortzaile handien eta emankorrenen artean kokatzekoa da.
Jorge Oteizarekin, Eduardo Chillidarekin eta Remigio Mendibururekin batera, Nestor Basterretxeak Gaur taldean elkarturiko eskultore pokerra osatzen du, eta talde horretatik Euskal Eskola mugimendua sortu zen 1966an. Horren ondareak identitate berritu bat eraikitzea ekarri du, horren kontzientzia hartzeak hizkuntza abangoardistenak eta elitistenak aktibatzea eragin duelarik, nahiz herri tradizioaren muina galdu gabe.
Hondarribian kokaturiko bizkaitar artistak lanean ematen zituen gau asko. «Nire 90 urterekin, lana ez da zigorra, biziago sentiarazten nau». Batez ere marraztu eta marraztu egiten zuen, trazu sendo eta zehatzez: «Egunean bat egiten baitut, eta batzuetan hiru ere egin ditut! (…) Oreka asko axola zait, ez simetria, oreka; gauza desberdinak dira, ez nadila horretan erori». «Ideiak izaten jarraitzen dut eta, hortaz, gauza berriak egiten».
Inspirazioak esna eta tailerrean harrapa zaitzala, Picassok esana omen. Maisuengandik ikasi behar da, eta haien eredua jarraitu. Horiek gogoan hartu beti. «Irakurtzea norberaren bizitza eta gainerakoena bizi izatea da», esaten zuen Jose Luis Sampedrok. Sekretuak jadanik ez daude beren lekuan, berriro bilatzera itzuli beharko da. Pertsonak handi egiten dutena ez da haien tamaina, uzten dituzten hutsuneak baizik.
Xabier Saénz de Gorbea, komisarioa
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04