Nina Bunjevac: Fatherland
Nina Bunjevac marrazkilari kanadarraren Patria (Fatherland, 2015) komikian oinarritutako erakusketa honetan, liburuan bertan agertzen diren 14 bineta daude. Komikiak Ninaren familiaren historia azaltzen du, eta bide batez, Balkanetako gudaren zati bat erakusten digu.
Kontakizunak bere aitaren heriotza du ardatz. Serbiako talde monarkiko eta armatu bateko kide zelarik, ekintza baterako bonba bat prestatzen ari zirenean lehertu egin zitzaien. Momentu hori klabea izango da Ninaren bizitzan, gertakari honen aurretik ezer gutxi baitzekien bere aitaren inguruan.
Une hau aitzakiatzat hartuta beti bigarren planoan, itzalean, ikusezin, gelditzen direnen historia azaleratu nahi izan du. Bere aitaren erabaki eta ekintzen ondorio zuzenak jasan dituztenak dira protagonista nagusiak, bere familia alegia.
Horretarako bi zatitan banatzen du liburua. Lehenengo zatian, amarekin duen elkarrizketa baten bidez familiako oroitzapenak gogoratuz momentu horretan gertatutakoaren inguruan egiten dute gogoeta. Bigarren zatian, berriz, narrazioak kutsu neutro edo objektiboagoa du. Bere aitaren bizitza eta Jugoslaviako historia ikertzen ditu.
Bi zatiak elkarren osagarri dira eta baliabide ezberdinen bitartez garai korapilatsu hau trebetasunez aztertzea lortzen du. Estiloari dagokionean argazki zaharretan oinarritutako marrazkiak egiten ditu. Azpimarratzekoak dira irudietan agertzen diren xehetasunak baita kolore beltzaren presentzia ere. Dudarik gabe, Ninaren artista maitatuenen eragina nabaria da, besteak beste, Art Spiegelman eta Charles Burns komikigileak.
Esku artean duguna komiki konplexu eta landua da, bai sinbologia aldetik baita kontakizunagatik ere. Gaur egun pil-pilean dauden zenbait gaien inguruan hausnartzeko bide bat irekitzea da Ninaren helburua.
Erakusketa Komikigunean 2016-11-05 / 2016-12-03
Asteartea-ostirala: 11:30-13:30, 17:00-19:30
Larunbatak: 11:30-13:30