Nondik norako kultura. Kulturarekin harremanetan jartzeko modu berriak
Biblioteka eta jakintza. Artxiboak, mutazioak eta konfigurazioak izeneko erakusketaren barruan, KOLDO MITXELENA Kulturuneak hitzaldi sail bat eskaintzen ditu: Nondik norako kultura. Kulturarekin harremanetan jartzeko modu berriak, Haizea Barcenillak koordinatua.
Azken urteetako mezu zabaldua da teknologia berriek gure bizitzeko eta elkarrekin komunikatzeko modua eraldatu egin dutela. Egia da orain konektatuak bizi garela, interneten bilatzen ditugula galdera guztien erantzunak, eta ondoko pertsonarekin ez dugula hitz egiten milaka kilometrora dagoen lagunarekin whatsappean gabiltzalako. Komunikazioa ez ezik, gure bizitzeko 2.0 moduak beste ideia batzuk ere eraldatu ditu: partekatzearena, parte-hartzearena, komunitatearena.
Komunikaziorako aukera berriak sortu diren honetan, kulturak ere aldaketa sumatu du. Gaur egun, inoiz baino eskuragarriago dago kultura, eta horren anitza da, ezen bilaketan gal baikaitezke. Mundua handiegia dela dirudi zenbaitetan, eta hor kanpoan dagoena horrenbeste dela, ezen ezin baitugu barneratu.
Transformazio horiek elkarrekin bizitzearen inguruko gogoeta garrantzitsuak ekarri dituzte, eta horrek eragina izan du kultura planteatzeko moduetan. Bertakoa eta globala lotzen dituzten gero eta eragile gehiago daude, komunikazio tresna horiek hankak lurretik altxa gabe erabiliz. Denona den espazioa proposatzen dute, antzinako herri-lana eta herri-lurren ideietatik abiatuz, eta denontzako diren kultura elementuak bultzatuz.
Baina gogoeta horiek ez dira esparru teknologikoan soilik geratu: parte-hartzeko modu berriak espazio fisiko eta sozialetan ere hasi dira aplikatzen, kulturarekiko harremana hainbat modutan aurkeztuz eta ikuspegi anitzak eskainiz. Denona, publikoa edo komunala denaren inguruan hitz egingo dugu emanaldi hauetan gizartearen eta kulturaren alde lanean ari diren agente aktiboekin.
Maiatzak 20, 19:30
Haizea Barcenilla
Publikoa, komunala, denona? (euskaraz)
Lehen aurkezpen honetan kulturaren banaketa eta onurarekin lotuta dauden oinarrizko kontzeptu batzuk aurkeztuko ditugu. Publikoa zer kontsideratzen den planteatuko dugu, ideia horrek ekartzen dituen onurak eta mugak begiratuz. Horrekin batera, herri-lurren ideia historikotik jaiotako komunalen proposamenari so egingo diogu, kulturaren manifestazioetan izan dezakeen eragina aztertzeko.
Maiatzak 21, 19:30
Ricardo Antón (ColaBoraBora) eta Haizea Barcenilla
Trabajando en la comunidad y para la comunidad (gaztelaniaz)
ColaBoraBora gizarte ekimenerako kooperatiba bat da. Gizarte ekimen horiek proguztion bezala euskaratu duten gaztelerako procomún ideiatik abiatzen dira: elkarlanean eta gizarte hobekuntzarako egindako proiektuen bultzatzaile da. Horren adibide bat crowdfundingerako Goteo plataforma da, kodigo irekiko proiektu asko martxan jartzeko gai izan dena. ColaBoraBoraren printzipioak, lan egiteko moduak eta Goteoren hainbat proposamen aurkeztuko dizkigu Ricardo Antónek.
Ekainak 3, 19:30
Zaramari, Artaziak eta Haizea Barcenilla
Hezkuntza dantzan (gaztelaniaz)
Bitartekaritza beti izan da kultura eta gizartea lotzeko bide ezinbesteko bat. Hala ere, askotan bitartekaritza horren inguruko gogoeta bat bota daiteke faltan, zeren eta, modelo tradizionaletan erorita, medioak ere igortzen baitute mezua. Gogoetarako kapazitaterik gabeko subjektu pasibotzat hartzen bagaituzte, kultura aldagaitza eta arrotza aurkezten zaigu. Bitartekaritza eta hezkuntza oso modu desberdinetan planteatzen duten bi kolektiborekin arituko gara hizketan: Zaramari, hiria, berrikuntza eta sormena aztertzen duen taldea; eta Artaziak, dantzaren inguruan sortu dituzten programen berri emango digutenak.
Ekainak 4, 19:30
Haizea Barcenilla
Lokaletik globalera (euskaraz)
Komunikabide berrien erabilerak bertakotasunaren galera ekar dezake askorentzat, baina horrek ez du zertan hala izan. Bertakoa eta globala uneoro nahasten dituen gizarte batean bizi gara, ez interneten bakarrik, baita eguneroko kaleko bizitzan ere. Honela, artea eta sormena bertatik landu arren, maila internazional eta globalekin harremanak ezartzen dituzten proiektuak aztertuko ditugu, elkartruke hauek eskaintzen dituzten ikasteko eta elkar ezagutzeko aukerei so eginez.
Haizea Barcenilla komisarioa, arte kritikaria eta EHUko Artearen Historiako irakaslea da. Artearekin eta gune publikoarekin zein pribaturekin zerikusia duten gaiekin aritzen da, historia guztion artean eraikitzearen inguruan. Euskal Herriko Komanditario Berrien plataformako komisarioa da, A-desk aldizkarian idazten du, eta Euskadi Irratiko «Amarauna» programan parte hartzen du aldizka.
Ricardo Antón Amasté eta ColaBoraBora proiektuen sortzaileetako bat da. ColaBoraBora, hain zuzen, AMASTÉren praktiken bilakaeraren ondorioa da, heziketa hedatutik, herritarren partaidetzatik, berrikuntza sozialetik eta kulturaren ekonomiatik begiratuta; beste proiektu batzuen artean, crowdfundingeko Goteo plataformako koordinatzaileak dira.
Artaziak hezkuntza eta bitartekaritza kulturalaren eremuan kokatzen den ekimena da. Bertan, ekoizpen artistikoak eta kulturalak tresna gisa erabiltzen dira ikasketarako eta garapen pertsonal zein kolektiborako. Hezkuntzari dagokionez, trukerako, eraikuntzarako eta ikaste prozesurako denon espaziotzat hartzen da. Euren jarduerak izaera soziala du; aniztasun kulturaletik eta desberdintasunetik abiatzen da, eta aldaketa sozial, politiko eta kulturalak eragiteko helburua oinarritzat hartuta, pertsonen begirada kritikoa sustatzen laguntzen du.
Maria Arana arkitektoak eta Gorka Rodríguez Giza Zientzietan eta Komunikazioan lizentziatua eta kultur ekoizleak osatzen dute Zaramari. Zaramari taldeak sarean egiten du lan, beste talde eta profesional batzuekin batera, hiri partaidetzaren hobekuntzarekin zerikusia duten proiektuak osotasunean garatzeko behar diren gaitasun eta baliabideak osatzeko. Horien proiektu bakoitza egokitu egiten da lan egiten duten testuinguruaren beharretara. Ume, nerabe, heldu eta zaharrekin aritzen dira, baita lurraldea hobetzeko konpromisoa duten erakunde publiko zein pribaturekin ere.
{jcomments on}