‘Nondik norako kultura. Kulturarekin harremanetan jartzeko modu berriak’ zikloaren aurkezpena eta lehen hitzaldia
Bihar, maiatzak 20, arratsaldeko 7:30tan, erakustaretoan, 'Biblioteka eta jakintza. Artxiboak, mutazioak, konfigurazioak' izeneko erakusketaren barruan, KOLDO MITXELENA Kulturuneak antolatutako eta Haizea Barcenillak koordinatutako hitzaldi sorta berria hasten da: ‘Nondik norako kultura. Kulturarekin harremanetan jartzeko modu berriak’.
Teknologia berriek gure bizitzeko eta elkarrekin komunikatzeko modua eraldatu egin dute. Komunikaziorako aukera berriak sortu diren honetan, kulturak ere aldaketak sumatu ditu. Gaur egun, kultura inoiz baino eskuragarriago da, eta horren adibide da, bilaketan gal baikaitezke. Mundua handiegia dela dirudi zenbaitetan, eta hor kanpoan dagoena horrenbeste dela, ezen ezin baitugu barneratu.
Transformazio horiek elkarrekin bizitzearen inguruko gogoeta garrantzitsuak ekarri dituzte, eta horrek eragina izan du kultura planteatzeko moduetan. Bertakoa eta globala lotzen dituzten gero eta eragile gehiago daude, komunikazio tresna horiek hankak lurretik altxa gabe erabiliz. Denona den espazioa proposatzen dute, antzinako herri-lana eta herri-lurren ideietatik abiatuz, eta denontzako diren kultura elementuak bultzatuz.
Denona, publikoa edo komunala denaren inguruan hitz egingo dugu hitzaldi hauetan, gizartearen eta kulturaren alde lanean ari diren agente aktiboekin.
Haizea Barcenilla bera izango da lehen hizlaria ‘Publikoa, komunala, denona?’ hitzaldiarekin
Bihar, arratsaldeko 7:30tan, KOLDO MITXELENA Kulturuneko erakustaretoan beraz, Haizea Barcenilla hasiko da ziklo honekin ‘Publikoa, komunala, denona?’ hitzaldiarekin. Kulturaren banaketa eta onurarekin lotuta dauden oinarrizko kontzeptu batzuk aurkeztuko ditu. Publikoa zer kontsideratzen den planteatuko du, ideia horrek ekartzen dituen onurak eta mugak begiratuz.