Nor da editore mozorrotua?
Jose Ignacio Olave (Bilbo, 1953 -Bilbon jaio nintzen, baina eibartarra naiz-) da editore mozorrotua.
Txikitatik giro artistikoan murgilduta egon zen, bere aitona Jacinto Olave margolaria zen, eta akaso horregatik orain dela 30 urte artelanen bilduma egiten hasi zen, eta gustukoena grabatu edo artelan grafikoa zuela jabetu zen.
Nola burutzen da artelan grafikoa? Galdetu zion bere buruari. Azaldu ziotenean, oharkabean, editorearen ardura bereganatu zuen; artistei lanak eskatuz eta argitalpenak diruz ordainduz lan isil, ezkutu eta emankorrari ekin zion, bederatzi artista ezberdinek egindako laurogei eta lau grabatu ekoiztu arte.
Mikel Lertxundi arte historiagileak burutu eta antolatu duen erakusketan artelan guzti horiek ikus daitezke. Lehenbizikoa 1993. urtean Artelekun Don Herbert litografoak egindako Alberto Rementeriaren Vaca madre izenekoa da, eta azkenetarikoen artean Nevadako egunak ikus dezakegu, Azpilikuetaren hiru serigrafiaz eta Bernardo Atxagaren eskuizkribu serigrafiatu batez osatua.
Rementería, Elespuru, Tamayo, Azpilicueta, Diez Alaba, García Seco, Lazkano, Jáuregui eta del Valle izan dira obren egileak , eta Herbert, ARTica, Beittu, Cuevas, Bilbao eta De&De grabatzaileak .
Erakusketa urriaren 24an, arratsaldeko 7:30ean zabalduko da eta abenduaren 5an amaitu.