Nork zaintzen zuen Fraisoron?

Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako ongintzazko erakundea, Zizurkilgo Fraisoroko Sehaska-etxea 1903an sortu zen eta XX. mende amaierara arte lurraldeko haur abandonatuak hartzen eta ama ezkongabeak zaintzen aritu zen, azken hauei haurdunaldian eta haurdunaldiaren ondoren laguntzen baitzien.
Haurrak gehienbat bi bidetatik iristen ziren Fraisorora. Alde batetik, erakundeak 5 urtetik beherako adingabeak hartzen zituen, gurasoei edo legezko tutoreei haien kargu egitea ezinezkoa zitzaienean, zailtasun eta estutasun ezberdinen ondorioz. Errealitate hori izaten zen ohikoena, eta behin egoera ekonomikoa, osasun-egoera edo seme-alabak zaintzea eragotzi zien bestelako zailtasun hura hobetu egiten zenean, amek tutoretza berreskuratzen zuten eta haurrak etxera itzultzen ziren. Bestetik, sehaska-etxea ama ezkongabeentzako babesleku segurua bihurtu zen, haurdunaldiko azken hilabeteak salbu igarotzen uzten baitzitzaien eta seme-alabak zaintzen laguntzen baitzitzaien. Kasu horietan, haurrak jaio ondoren, amek aldi baterako edo behin betiko utz zitzaketen haien seme-alabak erakundearen zaintzapean, edo, bestela, aldi baterako bertan bizitzen jar zitezkeen beren seme-alabekin. 1931tik aurrera eta hainbat hamarkadatan zehar, Aldundiak aparteko neurri bat hartu zuen zeinengatik Fraisorotik igarotako amei bi urtez ekonomikoki laguntzen zitzaien euren seme-alaben ardura hartzea erabakitzen bazuten. 1994ra arte, Sehaska-etxeak 12.000 haur abandonatu hartu zituen eta, 1913tik, 4.000 erditze baino gehiago artatu ziren bertan.
Langile gehienak emakumeak ziren erakunde hura berrikuntza-erreferentea izan zen nazioartean. Bularreko haurren elikaduran arreta berezia jartzeak (behi-esnearen maternalizazio-prozesuak, amagandiko edoskitzea edo inudeekin edoskitzea sustatzeak), hainbat zainketa mediko-higieniko aplikatzeak eta Wassermannen proba ezartzeak (zeinek jaioberrien eta bularreko amen edo ama inudeen artean sifilisa kutsatzea prebenitzen zuen) urte gutxiren buruan Fraisoroko haurren hilkortasun-indizea oso baxua izatea eragin zuen (1905ean %25 izatetik urtez-urte jeisten jarraitu zuen 1955etik aurrera %1era iritsi arte), Estatuko beste sehaska etxe batzuekin alderatuz. Fraisoro baino lehen, eta XIX. mendearen amaierara arte, abandonatutako haurren heriotza-tasa ikaragarria zen; inklusarik gertuena Iruñean zegoen eta ia inork ez zuen bidaiatik bizirik irauten, eta Zizurkilgo erakundearen aurretik 1804tik 1910era arte abandonatutako haurren harreran egon ziren Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Bergarako inguruko torno-etxeetan, heriotza-tasa hori % 50 ingurukoa zen.
Ordutik gauzak asko aldatu dira, eta hoberako. Gaur egun, euren eskubideak bermatzen ez dituen inguruan jaiotako haurren zaintza instituzionala ez dago jada ordena erlijiosoen babespean eta erakunde publikoek ziurtatzen dute haien zaintza, medikuntza edo psikologia bezalako zientziek asko egin dute aurrera eta emakumeon egoera ere hobetu egin da: jada ez gara automatikoki gizartetik kanpo geratzen eta ez gara bizi osorako xakituta geratzen ezkondu gabe haurdun geratzen garenean.
Aldaketa hori, neurri batean, milaka haur eta emakume gazte zaintzeko eta haien bizi-baldintzak hobetzeko haien denbora, ahalegina eta esfortzua egin zuten ehunka emakumeei esker egin da. Gaur, martxoaren 8an, izan bedi bitrina txiki hau hainbat hamarkadatan Fraisoroko Sehaska-etxean modu anonimoan lan egin zuten ehunka erizain, emagin, neskame, sukaldari, moja, garbitzaile eta jostunentzako omenaldi xumea. Emakume hauek guztiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa zuen Sehaska-etxean lan egin zuten, hain zuzen ere, ahulenak zaintzen. Orduan, orain bezala, zaintzak emakume-aurpegia izan baitzuen.