Orientalismoak, hurbilbide garaikidea
1998/6/4 - 1998/8/29
Komisarioa: Gloria Picazo
Artistak: Marina Abramovic / Ulay, Alighiero Boetti, Miquel Barceló, Francesco Clemente, Enzo Cucchi, Wolfgang Laib, Bill Viola
Testuak:
Muntaia:
Prentsa oharra:
ORIENTALISMOAK ARTE GARAIKIDEAN
Bidaian ekialdera joan izanak arrasto sakonak utzi ditu artista eta idazle askoren sorkuntza proiektuetan; eta nabariago ageri da, XX. mende honetan, asko izan direlako hara joan direnak. Sarritan bertaratze honek, eta errespeto handia erakusteaz gainera, ekialdeko pentsaerako bide nahasietan zehar ibili izanaren ustea pizten dute. Esaterako, Octavio Paz zena bezalako idazle baten jarrerak oso ondo erakusten du, India bezalako herrialde batetara joateak nolako lorratzak utz ditzakeen idazle baten literatur korpusean. Baina Alberto Moravia, Pier Paolo Pasolini, André Malraux edo Juan Goytisolok, izen batzuk bakarrik emateko, bestelako kultura horienganako interesa ere erakutsi eta erakusten dute oraino. Beren iritziak eta beraien lanetan oinarriturik osatzen joan direnak mendebaldeko bizitzako oinarrizko baloreak zalantzan jartzea ekarri dute eta beste iraganekiko eta orainekiko "topaketa" -Malraux-ek erabiliko zuen hitza erabiltzeko- era jatorrean gerta dadin, kultura horien oinarrietan sakondu eta kolonizazioaren eraginez XIX. mendean nagusitu zen exotismoaren ideia baztertu behar da.
Eugène Delacroix-ek, eta XIX. mendearen erdialdeko pintore orientalisten taldeek bultzaturiko ekialdearekiko zaletasunetik areago, Bestelakotasunarenganako eta Urruntasunarenganako interesak eta jakinminak jarrera ibiltari bat bultzatu dute, eta artista eta idazleen artean jarraitzaile sutsu eta gogorrak izan dituzte mende honetan. Zenbaitentzat barne sormen iturri berri eta bizipen desberdinen bila joatea izan zen helburua, beste batzuentzat, berriz, gizarteak berea duen aurkikuntzak egiteko grina. Nolanahi ere, oso adierazgarria da ikustea nola orientalistak Suezko Kanalaren irekierara joan ziren 1869an, eta hamar urte beranduago, Arthur Rimbaud Abisinian eta Paul Gauguin Pont-Aven-en Panamako Kanala irekiko zen egunaren zain zeudela jakitea. Beren bidai hauen arrazoia, ordea, aurrerapen teknikoek sortzen zieten lilura izan zen; hirurogeiko hamarkadatik aurrera egin ziren bidaien arrazoia, gehientsuenena behintzat, bestelakoak ziren, sustraietara itzultzea, gorenaren bilatzea, misterioaren eta benetakotasuna aurkitzea eta, bide batez, exotismoa eta kolorismoaren kutsua zuen guztia eta beren arte produkzioek izan zezakeen narratiba bizkorregi eta agerikoa baztertu zuten.
Roland Barthesek, japoniar kulturari buruzko iritzi pertsonala erakusten duen L'Empire des signes liburua idaztera bultzatu zuten arrrazoiak gogoan zituela, zioen, "Japoniak idazteko moduan jarri nau". Eta esan genezake, bide batez, Tahití-k "pintatzeko moduan" jarri zuela Paul Gauguin, Tunisiak Paul Klee eta Auguste Macke, Argeliak Henri Matisse, André Derain eta Jean Dubuffet; Egiptok, berriz, Kees van Dongen liluratu zuen bereziki eta Indiak eragin handia izan zuen Howard Hodghin pintore britainiarraren lanean eta, beranduago, Octavio Pazen poesian eta prosan. Japoniarenganako interesa, 1867an Parisen izandako Erakusketa Unibertsalean piztu zen Hokusai, Hiroshige, Ikeda eta Utamaro pintoreen irudi japoniarrak aurkitu zirenean. Bestalde, eragin berezia izan zuen, besteak beste, James Whistler, Toulous-Lautrec eta Vincent Van Gogh pintoreetan, herrialde hau ezagutzeko nahiarekin hil izan zen azkeneko hau. Aipaturiko horien lanei Henri Michaux-en literatur eta pintura lanetan ageri diren "ekialde" desberdinak erantsi behar zaizkio. Ives Klein-engan garrantzi handia izan dute Japoniak berak eta Zen Budismoak eta Jackson Pollock-i Krishnaumurtiren eta Elkarte Teosofikoaren irakasbideak sortuko zioten interesa, ondoren Francesco Clemente bilduko zitzaiolarik interes horretan.
Azaldutako autore hauek orientalismoa hitzaren zabaltasuna erakusten dute. Baina, bide batez, interesgarria da, nola ekialdeko estereotipoek erakartzen duten bidaiaria, zenbateko lilura sortzen dien eta nola murgiltzen diren bisitatutako herrialdeetako idiosinkrasia berezian ikustea. Era berean, eta Edward W. Said-ek sarritan esaten zuen bezala, ikuspegi hauek guztiek, nolabait, "Ekialdea ekialdetzea" eragiten dute eta kontzientzia orientalista hori mendebaldeko ikuspegitik agertzen denean bakarrik izatea. Horregatik Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko harremanek balio bikoitza izan dute eta, sarritan, topaketa hauen irudi exotikoaren amarruaren mende egon dira. Beraz, azkeneko hamarkadan zehar eta, Parisen 1988an izan zen "Magiciens de la Terre" erakusketatik hona, deszentralizazioaren ideia bultzatzen duten gogoeta asko egin dira, egungo kulturaren globalizazioaren arriskua salatu eta kulturaniztasuna bultzatuz, ideien elkartrukaketarako bide eta kultura guztiek aukera berdinak izateko modu garrantzitsuenetariko gisa. Aipatutako erakusketa horretan sortu zen eztabaida oso kritikoa izanik ere, egia esateko, une horretatik aurrera, mendebaldeko arte munduan kontzientzia txarreko jokabideak somatzen hasi ziren, Ekialde eta Mendebaldearen artean, edo hobeto esan, Lehenengo eta Hirugarren Munduaren arteko elkarrizketa ireki eta baldintza berdinetakoa bultzatzea helburu zuten erakusketa eta testu kopuru ugaria sortuz.
"Orientalismoak" erakusketa honetarako aukeratu diren artista batzuk "Magiciens de la Terre" erakusketan parte hartu zutenak dira, eta hautaketa egiteko arrazoia izan da beraien Ekialde desberdinenganako hurbilpen sentikor, errespetagarria eta, batez ere, bizipenekoa. Bakoitzak bere arrazoiak ditu hurbilpen horretarako, hala nola: bidaiatzea, beste kultura batzuk gertutik ezagutzeko interesa edota literatur jarrera berezia izatea, sarritan, Rimbaud edo Flauberten liburuetako orrietan irakurritako bizipenen bila eramango dituena. Nolanahi ere, arrazoiak ulergaitzak gertatzen dira hirurogeiko hamarkadaren amaiera aldera sortu zen egoera berezia aztertu gabe; orduan bihurtu baitzen Ekialdea belaunaldi gazteago baten jomuga eta arte-saio berriak bultzatzeko derrigorrezko modu; eta horrela ageri da, The Beatles eta Donovan-en musikan, Alighiero Boethi-ren tapiz lanetan eta Francesco Clemente-ren miniaturetan bai eta Bruce Chatwin-en idatzi ibiltarietan ere, Sudanetik Patagoniara eta handik Australiara bidaiatuz eginikoetan.
Hala, bada, Enzo Cucchi-k Rimbaud-en Abisiniako pausoak jarraitu zituen eta horrela sortu zen poetak basamortuan bizitako esperientzia oihalean agertzeko pintura saila. Bitartean, Miquel Barceló-k, Malin zegoela, Dogon herrialdeko paisaia eta ohiturak ditu gogoko, sormenaren iturrietara itzultzeko ezinbesteko bide baititu. Francesco Clementerentzat, berriz, India ezagutu eta bertan bizitzea, bere lana berriro errealitatean murgiltzeko aukera emango zion bidea izan zen eta hogei urtetan zehar egin dituen pintura, marrazki eta liburuek kultura hinduarekiko lotura, pertsonala, erakustera zuzendurik daude. Alighiero Boetti-k, berriz, bere tapizak egiteko eskulangile afganiarrak erabili zituen. Erabaki hori hartu zuen, ehungintza hainbeste maitatu zuen herriaren oroimen kolektiboaren zati zela onartu ondoren; baina herrialde hura jasaten ari den gatazka politikoak salatzeko eta bertakoen borroka babesteko bide ere izan zen. Bill Viola-k, bere lehenengo bideoetan, bidaiatzeak berak sortzen dion interesa erakusten du, esate baterako Tunisiara joanez, Al-Jarid gatz lakuan egonaldi luzea eginez edo Japoniara joanez ez baitzuen nahi bereziki eta bakarrik bideoari buruzko ezagupen teknikoetan sakondu, herrialde haietako kulturan murgildu baizik. Marina Abramovic eta Ulay-ri dagokienez, egin zituzten bidaiak esperientzia berezi eta bakar batetan bil daitezke, Txinako Harresi Handiko 2.000 kilometroak oinez egitea. Bidaiaren helburua topaketa bultzatzea izan zen, baina bai eta bere harreman profesional eta pertsonalaren agurra ere. Azkenik, Wolfgang Laib-ek sarritan agertu du sufismoari eta budismoari buruzko interesa eta bere obrari naturarenganako hurbilpena dario, sinpletasun handiko elementu eta keinuetan oinarrituz.
Artista hauek erakutsi duten miresmenak, ordea, etorkizun desberdin eta iluna du mende amaiera honetan. Kulturaniztasunak eta globalizazioak kulturen bateratasun batetara eraman gaitzake; eta nortasunen problematikari berrikuspen prozesu eta gure geure kulturaren babesean hain arroak ez izateko jarreretara garamatzan eran nahasketa batetara ere eraman gaitzake, kulturen arteko elkarrenganako eraginak ez badira zuhurtasunez hartzen.
Glòria Picazo
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04