Otsaileko komiki eta eleberrien nobedadeak
Liburutegian azken hilabetean zehar jasotako eleberri eta komiki berrienak eta baita aukeraketa bat ere

Otsaileko komiki eta eleberrien nobedadeak
Iritsi berriak dira nobedade hauek mailegura. Azken asteetan jasotako fikziozko lanen zerrenda duzue jarraian, eta baita horien arteko aukeraketa bat ere modu xehetuagoan. Hemetxe irakurri, estekaren bidez katalogara sartu eta erreserbatu dezakezue gustukoena gero bila pasatuz (Errege-Erregina katolikoen kaleko 16 zenbakian). Gozatu!
ELEBERRIAK
Max Portter-en “Shy” eleberrian, 1995eko goizalde batean, 16 urteko Shy gazteak, “Azken Aukera” erreformatoriotik ihes egin du, harriz betetako motxila bat eta aiene poltsa bat eramanez. Ingalaterrako landa eremu ilunean murgilduz, walkmanaren musika eta bere amesgaiztoekin batera, ama, aitaorde, irakasle eta laguntzen saiatu ziren pertsonen ahotsekin nahasten zaio buruan dena. Bere bizitza gatazkek markatu dute, eta orain zalantzazko etorkizun bati egin behar dio aurre, iraganeko zalantza eta erabakietan oinarrituta.
“Panaderos” Nicolás Meneses-ena, William Fuentesen bizitzari buruz hitz egiten digu. Aitak istripu batean eskua galtzen duenean dena aldatzen da, eta horrek familia zailtasun ekonomikoei aurre egitera behartzen du. Arrebaren ikasketak ordaintzen laguntzeko, supermerkatu bateko okindegi batean hasi zen lanean William, aitaren ondarearekin jarraituz.
“La llegada del bebé X” Mara Faye-rena. Barbararen istorioa kontatzen digu. Barbarak, bigarren aldiz haurdun egonda eta bere gorputzarekin gaizki sentituz, ezingo du gehiago. Batzuetan, hormonei uzten die berataz jabetzen, eta oldarkor jokatzen du: senarrarekiko erantzun garratza, justifikaziorik gabeko jeloskortasun-atake bat, baita erailketaren bat ere... haurdunaldiaren ohiko gauzak.
Konstatín Paustovski-ren “Los años lejanos”. Eleberri honetan, Kóstikek Kieveko institutuan egon zeneko azken urtera garamatza. Ikasten zegoela telegrama bat jaso zuen, bere aitaren heriotzaren berri emanez. Familiari agur esateko etxaldera itzuli zenean, haurtzaroa berpizten du, familiarekin eta lagunekin izandako uneak gogoratuz, hala nola Tsarraren bisita edo Tolstoiren heriotza. Oroitzapenen eta ekitaldien zurrunbilo horren erdian, literaturarekiko lilura sortzen zaio.
Alexandra Suzzarini-ren "Esto no es un hogar" eleberrian Alexandrak, lehen pertsonan kontatzen du nola sartzen den zentro psikiatriko batean, liburuz eta koadernoz inguratuta, laster bere iluntasuna agerian uzten duen leku batean babesa bilatuz. Orokorrean, aurre egin nahi ez diegun gertaerak aztertuko ditu.
Elsa Moranteren “Arturoren uhartea: ume baten oriotzak” Napolira eramango gaitu, Procida uhartera, ingurune isolatu eta ia mitiko batean hazten ari da protagonista. Aita urrun eta misteriotsu batek eta ama baten absentziak markatuko du egoera. Bere izaera eta munduaren ulermena bakardadearen eta fantasiaren bidez eratuko du. Amaorde gazte baten etorrerak asaldatu egiten du bere unibertsoa, eta maitasun sentimenduen, jeloskortasunaren eta bere bizitza betiko aldatuko duten aurkikuntzen zurrunbilo konplexua sortuko da.
KOMIKIAK
David Safierren eleberriaren komikirako egokitzapena da “Maldito karma”. Umorez kontatzen ditu, egoera bitxian hil ondoren, karmaren eskalan gora egin nahi duen telebistako aurkezle baten inguruko gorabeherak.
“Jim está vivo : el misterio del cantante de The Doors y del Club de los 27” misterioz betetako komikia, Paolo Baron eta Ernesto Carbonettik burutua. Bertan, gizon batek bidaia bat egin behar du desagertu den semea aurkitzeko, Jim Morrisonen heriotzari buruzko istorioa alda dezakeen arrasto bat aurkitu ondoren.
“El Zorro : regresa de entre los muertos” Zorro klasikoaren bertsio bat da. Bertan Diego izeneko gazteak gurasoak galdu ditu drogaren mafioso batek erailda. Hori dela eta, borrokan egiten ikasiko du etsaiari aurre egiteko eta mendekua aurkitzeko.
“Historias color tierra” korear manga seriea da. Ama bat eta bere alaba Koreako landa-eremuko herriska batean bizi dira eta oso harreman berezia dute aitaren heriotzak eraginda. Hala ere, alaba hazten doan heinean, lotura hori galtzeko beldurrak loratzen joango dira.
“Erbestearen memoriak : 37ko euskal haurrak” komikian 1937an Gerra Zibileko izugarrikerietatik babesteko atzerrira bidali zituzten haur euskaldunen hiru istorio biltzen dira. Bertan, Begoña Garridok eta Oskar Gorroñok gaur egungo gerrako haurren errealitateari buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen gaituzte.
“The cull” fantasia eta izuaren artean kokatzen den komikia da. Oso marrazki errealistarekin, Paper girls eta Stranger things-ekin elementu komunak dituen komiki seriea da. Bost gazteren istorioa dugu, munstro bat topatu eta gero, honi eta haien beldurrei aurre egin beharko dutenak.