Paisaia ideia gisa: proiektuak eta proiekzioak, 1960-1980
2010/6/10 - 2010/9/25
Paisaia ideia gisa: proiektuak eta proiekzioak, 1960-1980
Komisarioa: Berta Sichel
Artistak: Joseph Beuys, Jane Crawford y Robert Fiore, Walter De Maria, Agnes Denes, Jan Dibbets, Barry Flanagan, Hammish Fulton, Helen and Newton Harrison, Michael Heizer, Nancy Holt, Stephen Kaltenbach, Richard Long, Anthony McCall, Ana Mendieta, Dennis Oppenheim, Gerry Schum, Robert Smithson, Chris Welsby
Prentsa oharra: Duela hamarkada batzuk erabat berritzaile izan zen lanen multzo historikoa, gaur egun klasikotzat jotzen dena, ez da oso erakargarria arrakasta bilatzen duten gaur egungo atzera begirako monografikoetarako. Erakusketan aurkezten dugun nazioarteko artisten multzo eklektiko honek eta haien lan probokatzaileek agerian uzten dute arteak gure kontzientzia asaldatzeko duen gaitasun disruptiboa. Eta eten edo haustura intelektualerako gaitasun horretan oinarritua bide da, hain zuzen, erakusketa honen testuinguru kontzeptuala eta artistak aukeratzeko irizpidea. Horixe baita proiektuaren helburu nagusia: erakustea nola izan zuen artista-talde batek duela 40 urte arteari beste ikuspegi batetik heltzeko ideia aurrerakoia, gaur egun ere garrantzi handikoa. Bere obran, lurra ez zen izan artean izandako aldaketen katalizatzailea bakarrik, euskarri elektronikoen erabilera bultzatu baitzuen.
«Paisaia ideia gisa: proiektuak eta proiekzioak, 1960-1980» kontzeptualismoa eta euskarri elektronikoak aintzat hartuta, ekologiaren aldeko gogoeta berri bat da, eta garrantzi berezia du ekonlogian eta ingurumenean interesa agertzen duten gaur egungo artistentzat. Hiru urtetan zehar garatzen joan den eta Koldo Mitxelena Kulturuneak ekoitzi duen Paisaia ideia gisa honek zera erakutsi nahi izan dio gaur egungo jendeari, ezbehar ekologikoek hondamenezko ondorioak izan dituzten masa-gizarte global eta masifikatuari, lurra eta ekologia testuinguru historiko jakin batean arte-objektu berritzaile eta irudimentsu bilakatu direla.
Harrezkero, industrializazio neurrigabea sustatu da hainbat hamarkadatan eta ezer gutxi egin da kutsadurari, populazio-dentsitate handiari, hondakin erradiaktiboei, eta airearen zein uraren kutsadurari aurre egiteko, hitz asko eta ekintza gutxi; baina, gaur, alarmak jo du berriro. Eta oraingoan askoz ere ozenago, eta bereizmen handiz, filmetan eta LCD pantailetan; albisteak egunero sartzen dira gure egongelara. Artista garaikideek ingurumenaren aldaketak jorratu dituzte, eta, azken urteetan, museo eta galerietan ekologiari buruz galderak egiten dituzten artelanak jarri izan dituzte ikusgai, hainbat formatutan. Lan horietako asko probokatzaileak izan arren, obra gehienak egungo artearen mugen barne daude. Ez dituzte artea egiteko modu berriak ikertzen, ez dute arteak gizartean duen eginkizunari buruzko jarrera kritikoa hartu nahi. Gaur egun, ekologia genero-izenez ikusgai jarritako artelanetako askok gure planetaren narriadura agerian uzten dute, baina pintura errealisten modukoak direla esan liteke; alegia, ez dute indarrik esparru errealaren lengoaia esparru sinbolikoaren lengoaiaren aurrez aurre jartzeko.
«Paisaia ideia gisa: proiektuak eta proiekzioak, 1960-1980» erakusketan bildutako artista eta artelanek museo eta galerietako hormen mugak gainditu eta artearen aukerak zabaltzeko borondatea erakutsi dute bi hamarkada baino gehiagoz. Era berean, artista eta artelan horiek jendeak arte hori uler zezan nahi zuten, ez hainbeste arte hori erosi edo kontsumi zezan. Faktore horrek eztabaida handiak sortu izan ditu, luzaroan; izan ere, land arteko artelan gehienak, baita leku urrun eta isolatuetan egindakoak ere, marrazki, argazki edo filmekin ongi dokumentatu izan dira, eta, azkenean, esparru arruntetan erakusgarri jarri izan dituzte eta artearen merkatuan sartu dira.
Paisaia, ideia gisa erakusketan oro har land artekin lotzen diren artisten marrazkiak, collageak, argazkiak eta bideoak bildu dira: Robert Smithson, Richard Long, Jan Dibbets, Hamish Fulton, Dennis Oppenheim eta Nancy Holten lanak. Eta arte mota horri buruz berezko printzipio bateratzailerik ez dagoenez, arte horren ekarpena bere osotasunean ulertzen saiatzeko, land arti buruzko liburuetan aipatu ohi ez diren artistak kontuan hartu ditu erakusketa honek, esaterako Ana Mendieta, gorputzaren eta identitatearen ikuspegitik aztertu ohi diren lanen egilea, eta Chris Welsby zinemagilea, britainiar zinema estruktural izenez ezagutzen denaz haraindi jo zuena, «paisaian eta naturaren sistema konplexuari buruzko ikerketa zientifikoan zuen interesak bultzatuta».
Erakusketan ingurumen- edo ekologia-artearen esparruan lan egin duten beste hiru artistaren lanak ere badira, hain zuzen ere Agnes Denesenak eta Helen eta Newton Harrison bikotearenak. Hiru artista horien arte profetikoa Espainian oso ezaguna ez denez, tarte handi samarra izango dute erakusketan.
Bestalde, land art-ekin edo earthworks-ekin bat egin zuten artistek bideoaz eta ariketa performatiboaz baliatu zirela nabarmendu nahi du erakusketak. Paisaia, ideia gisa erakusketan ikus-entzunezko baliabideetan oinarrituriko lanak biltzen dira, dokumentu nahiz artelan gisa. Horien artean aipagarriak dira Gerry Schumek telebistarako egindako Fernsehgalerie Gerry Schum (Gerry Schum telebista-galeria) filmen saila (zazpi film), «abangoardiako artearen eta masa-komunikabideen artean zegoen dikotomia baretzeko xedez» sortua. Film horiek garai hartako artista batzuen nahi utopikoarekin bat datoz; hau da, telebistak baliabide artistiko gisa jarduteko nahiarekin. Land Artek (1969) bi eta sei minutu arteko grabazio laburrak biltzen ditu, Richard Long, Barry Flanagan, Dennis Oppenheim, Robert Smithson, Marinus Boezem, Jan Dibbets eta Walter De Mariak egindakoak. Schumen ustez, Land Art, Alemaniako lehen kateak babestutako lana, merkatua gainditu eta publikoa harritzeko moduko esku-hartzea zen, eta, aldi berean, telebistak eta bideoak komunikabide berri bat sortu zutelako ideia azpimarratuko zuen. erakusketa honek gutunak, argazkiak, posterrak eta gonbidapenak dauzka ere, Egidio Marzonaren oparotasunari esker, eskura jarri digun bere egundoko artxiboaren sorta txiki bat besterik ez.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04