Paisaiaren murmurioa

Paisaiaren murmurioa
2015.03.12 - 2015.05.30
Erromantizismoa indarrez sartzen da eta guztiz aldatzen du, besteak beste, paisaiaren kontzeptua. Zirrara eta intuizioa, alde batetik, eta arrazoi neoklasikoa, bestetik; gainezka egiten duen natura, kaosaren, hondakinen eta hondamendien natura, batetik, eta neoklasizismoaren ordena, euspena eta arrazionaltasuna, bestetik.
Paisaiaren Murmurioa
erakusketan ez da denboraren igarotzea igartzen, denbora joan arte. Paisaiaren inguruko begirada anitzen sorta, eta aldi berean, begirada horietatik eratortzen diren hausnarketak erakusten dira, ondoren aipatzen diren artista hautatuen proposamen eta prozesu ezberdinen bitartez.Literaturak sortutako locus amoenus terminoak, leku idiliko eta atsegin gisa, iradokitzen du badagoela paradisuko, bakezko eta soseguzko natura bat: paradisukoa. Baina, era berean, badago locus horrendus deitutakoa: goibela, basoaren enigma eta misterio kezkagarria, ezkutukoa eta ezezaguna, lurpekoa eta leizekoa, underground delakoa, mugagabea den muga, paisaia isilak, hondamendiak, etab.
Azken hamarkada honetan azpimarratu behar da teknologia digitalak modu berezian aldatu dituela gure bizimoduak, eta artea ere modalitate berri horretan sartuta dago, non teknozientziak eta globaltasunak ezartzen baitute ordena eta arrazionaltasuna.
Ziurgabetasuna presente dago Iranzu Antona (Iruñea, 1979) artistaren paisaian, eta horrek hausnarketara bultzatzen du ikuslea. Batetik, nolabaiteko ziurgabetasuna sortzen du eta, bestetik, ezkutukoaren, irisgarri ez diren eta mugan kokatuta dauden lekuen munduan barneratzen da. Analisiaren tratamendutik, non esentzia nagusi baita, agertzen da mundu basatia, natura bere horretan, eta horrekin batera, bere indarraren edertasuna.
Eskultura poetikoaren barruan, poesiaren eta paisaiaren arteko elkartasun perfektuak lirismo handiko dosiak lortzen ditu Maria Cuetoren lanetan (Avilés, 1960). Artista honek munduaren puska txikiez osatutako paisaiak eraikitzen ditu, benetako poema plastikoak. Lan horiek airean marrazten dituzte esekitako grafiak eta mugimendu sotilak, baretasun eta soseguzko, isiltasun eta bakezko natura batean murgilduta, ekialde aurarekin eta, aldi berean, malenkonia karga handiarekin.
Arantxa Guereño k (Donostia, 1955) etengabeko esperimentazio prozesuan dagoen unibertsoa erakusten du, oso pertsonala den sormenezko paisaia lortzen duena, naturaren beraren zatiez osatutakoa, landare munduaren, likenen, goroldioen eta micro denaren erreferentziekin, eta benetako musika sinfonia bilakatzen diren kartografia eta mapa berrien bila dabilena. Artistak murgiltzen du ikuslea natura abstraktu batean, errepikakorra eta oso poetikoa den naturan, paradisu itxura, hostotza oihantsu eta koloretsua, joko eta forma egituratuak –organikoak nahiz geometrikoak- dituen natura batean.
Alvaro Matxinbarrena (Donostia, 1958) diziplina askotariko artistak aurkezten duen bideoaren bitartez ikus daiteke nola txertatzen dituen artistak paisaian bere bizi esperientzia propioa, bere hausnarketak, bere interferentzia-erreferentziak, eta natura hil pertsonal bat osatzen duten objektu jakin batzuekiko harremanak.Barne bidaia bat, autobiografikoa, artistaren zenbait grina pertsonal biltzen dituena. Kasu honetan ere paisaia paradisu kezkagarri bilakatzen da, eta Ibon Errazkinek konposatutako musika bitxiak paper garrantzitsua dauka obran.
Erakusketan parte hartuko duten artisten lanetako askotan konstante bat dago.Desagerpenaren, aldaketa jarraituaren gaia, ezinezkoa delako denbora gelditzea, eta ondorioz, zelatan dagoen heriotzaren oroitzapena beti azpian agertzen da.
Denboraren igarotze hori ere igartzen da Pilar Soberonen (Lasarte, 1971) argazki izoztuetan, bai adiera hertsian, bertan agertzen diren tanta izoztuetan, bai irudizko adieran, denboran izoztuak. Lan horiek eramaten gaituzte amildegi, leize, trou kontzeptura, ahoaren eta naturaren sinbologiara, zenbaitetan irenslea eta femeninoaren sinbolo ezkutu handia duena.
Jaime de los Rios artistak (Donostia, 1982) egindako obra generatiboan ez dago ez zaratarik, ez soinurik, baina bai erritmoa. Obra hori software art-en barruan programatuta dago, algoritmo baten antzera itxuratuta, eta sabaian proiektatzen du paisaia geometriko bat, aldagai ugari dituena, etengabeko eta amaigabeko bilakabidean. Jaime de los Rios, Arte eta Zientziaren fundatzailea da, ARTEKlab, eta horren bitartez ikuspegi teknologiko berriagoetan barneratzen gara.
Iñigo Royoren (Donostia, 1962) argazkiak, bere ibilbide artistikoaren zatirik handiena bezala, serializatzeari, errepikatzeari eta erreferentzia literario jakin batzuei lotuta daude.Bere lana paradoxa konplexuez josia dago, irudikaezina den hori bideoaren basamortuko paisaia gisa irudikatu nahian, non arreta handiagoa jartzen baita entzunezkoan, ikusizkoan baino. Zenbait hitzen hanpatasuna, google earth bilatzailearen bitartez, leku eta toki zehatz bihurtzen da, bat-batean.
Unai San Martin (Eibar, 1964) artistaren argazkietan agertzen dira hondakinen zenbait oroitzapen erromantiko, sastraka inbaditzaile gisa barneratzen den naturaren inbasio errukigabearen oroitzapenak. Jada galdua egon daitekeen paradisu baten oroimina, efektu piktorialista eta abstraktu garbiak dituzten obretan; esaterako, itsas zabalak, lanbroak, ikus mugarik gabe, guztiz malenkoniatsua den edertasuna azaleratzen dute.
Artista talde batetik abiatuta, 2005ean sortutako taldeko plataforma batek itxuratzen du Soinumapa.net, Euskal Herriko soinu mapa, oraindik orain indarrean dagoen eta eraikitzen ari den artxibo-orri baten bitartez soinu dokumentu ugari partekatu dituena. Orain arte 643 sarrera ditu eta nahi duenak parte har dezake grabaketa berriak gehituz.
Leize sakon eta ilunek, lurpeko konfluentziek eta horien korronteek, barrukoak eta ametsezkoak osatzen dute beste barne bidaia bat. Gentz del Valle (Lekeitio) artistak, magiaren bitartez eta marrazkiaren ahalmen oroitarazlearen bitartez, natura beti aldakorra eta estalia agertzen den mundu baterantz eramaten gaitu. Barruko natura konplexua, enigmatikoa, mitologiarekin eta feminitatearekin ere oso lotuta dagoena.
Mª Jose Aranzasti
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17