Paper Girls komikia
Arimen gaua, Hildakoen eguna, gau beltza edo beste izendapenarekin ezagutzen dugun urriaren 31ako gauean gauza misteriotsuak pasatzen dira han eta hemen. Horrelako zerbait gertatzen zaie Paper Girls komikiaren protagonistei 1988ko Halloween gauean. Benetan istorio bitxia.
Berezitasuna alor anitzetan antzeman daiteke. Hasteko, protagonistak emakumezkoak dira, 12 urteko 4 neska gazte: Erin Tieng, MacKenzie "Mac" Coyle, Karina «KJ» J. eta Tiffany Quilkin. Denboran zehar hainbat bidaia egingo dituzte denboraren makina edo antzeko tramankulu bat topatu ostean eta nahi gabe guda batean sartuko baitira.
1988. urtean kokatuta dago istorioa, 80ko hamarkadari erreferentzia asko egiten dizkio etengabe eta lau protagonisten bidaiak, XX. eta XXI. mendeetara salto etengabeak eginez osatzen da fantasiazko eta zientzia fikziozko istorio hau.
Netflixen Stranger Things ikusi duzuenontzat, eta ez zarete gutxi izango, komiki serie hau hartu eta beronetaz gozatzea soilik falta zaizue, ziur ez zaizuela damutuko. Pentsatu Stranger Thingsen baina neska batzuen ikuspuntutik, neska batzuei esker, beraien gardentasun eta sakontasunarekin eta 80. hamarkadan txertatuta.
Komiki serie hau Brian K. Vaughanek sortu eta idatzitakoa da eta Cliff Chiangek marraztua. Seriea lehen aldiz Image comic-ek argitaratu zuen comic-book moduko 30 liburuxketan 2015 eta 2019 urteen artean. Gazteleraz Planetak atera du, lehenik comic-book gisa eta berehala 6 komikiko bilduma batean, 5 liburuxka sartuz ale bakoitzean. Eta azkenik integral gisa dena batera ere argitaratu da Planetan bertan, izan duen eskaerari erantzun nahian.
Laster estrainatuko da Paper girls seriea ere Amazonen eskutik. Ea lortzen duten marrazkian Vaughan eta bere taldeak lortutakoa pantailaratzea maila goren horretan edo antzekoan. Ez dute lan makala.
Planetaren Paper Girls